Espoloiko hainbat bizilagunek auzo honetako zuhaitzetan aurkitzen den eltxo motaren aurkako neurriak hartzeko eskatu diote Udalari. Ohar honen bidez, egoera honen berri eman nahi zaie herritarrei.

Platano zuhaitzen hostoetan oso ugaria den "platanoen tigrea" (Corythucha ciliata) eltxoa asko ugaldu dela eta, horri aurre egiteko neurriak hartzeko eskatzera joan dira Espoloiko hainbat biztanle Udaletxera. Hala ere, Udalak adierazi nahi du urte sasoi honetan ezin daitekeela tratamendu hori burutu.

Hain zuzen, urtero, udaberrian, egoeraren diagnostikoa egiten du Bergarako Udaleko lorezaintza zerbitzuak eltxo honen aurkako tratamendua burutu ala ez erabakitzeko, baina aurtengo udaberriko diagnostikoak ondorioztatu zuen arazoa ez zela larria eta tratamendurik ez egiteko erabakia hartu zen.

Baina udako eta udazkeneko tenperatura altuek eltxo mota hau espero baino gehiago ugaritzea ekarri dute. Hala ere, udazkenean, hotza heltzen den heinean, desagertuz joango da eta negua zuhaitzen azalaren azpian, babesean, ezkutatuko da datorren udaberrira arte.

Horiek horrela, momentuz ezin daiteke inolako tratamendurik aplikatu. Datorren udaberrian egoera aztertu eta honen arabera erabakiko da nola jokatu.

Bide batez, lorezaintza zerbitzutik gogorarazi nahi da aurtengo negu partean platano zuhaitzak, bi urtetik behin bezala, inaustuko direla.