• Jone Arroitajauregik gidatuko du.
  • Klubaren helburua da irakurtzeko zaletasuna duten edo garatu nahi duten pertsonen bilgune izatea.
  • Izena emateko epea irailaren 27ra arte dago zabalik.

Urritik aurrera Irakurketa Kluba izango da Bergarako Udal liburutegian, irakurtzea atsegin duten 18 urtez gorako bergarar guztientzako irekita. Kluba bi taldetan banatuko da, hizkuntzak bereizita: euskarazko taldea eta gaztelerazko taldea, biak ere Jone Arroitajauregiren gidaritzapean.

Bergarako Irakurketa Klubak irakurtzeko zaletasuna duten edota irakurtzeko ohitura garatu nahi duten pertsonentzako bilgune izan nahi du eta, bereziki, euskaraz irakurtzeko gaitasuna garatu nahi dutenentzako aukera paregabea da.

Klubaren bileretan ez dira irakurritako liburuen analisi tekniko eta literario sakonak egingo, aitzitik, parte-hartzaileek liburuaren irakurketan izandako era guztietako sentsazioak elkarrekin partekatzeko aukera izango dute, hala nola, iritziak, norberaren gogoetak edota irakurketan izandako erraztasun zein zailtasunak.

Klubaren funtzionamenduari dagokionean, sinplea eta malgua izango da: parte hartzaileek, beren kabuz, liburu bera (hizkuntza bakoitzak bat) irakurriko dute hilabeteko epean eta aurrez ezarritako datan bilduko dira horren inguruan hitz egiteko.

Irakurketa klubean parte hartzea doakoa izango da eta, nahi izanez gero, pertsona berak bi taldeetan ere parte har dezake.

Izena emateko epea irailaren 27ra arte dago irekita. Izena emateko nahikoa da liburutegia@bergara.eus helbidera idaztea, 943 77 91 62 telefonora deitzea edota Liburutegian bertan izena ematea, goizeko 08:30tatik gaueko 20:30tara.

Bergarako Irakurketa klubaren ezaugarriak

  • Tokia: Bergarako Udal liburutegia
  • Bilera ordua: 18:00etatik aurrera.
  • 2013ko Egutegia: Hileko asteazken bat.
  • Euskarazko taldea: Urriak 2, Azaroak 6, Abendua 4
  • Gaztelerazko taldea: Urriak 9, Azaroak 13, Abenduak 11