San Martzial eguna iristear dago eta gune horren erabilera egokia egiteko bertan dauden landare, zuhaitz eta instalazioak zainduz, herritarroi jakinarazten zaie honako arau hauek errespetatu behar direla:

A) IBILGAILUAK

  • Ibilgailuak baimendutako lekuan baino ezin izango dira utzi.
  • Erromeria egunean zelaira soilik sartu ahal izango dira jeneroa daramaten ibilgailuak baina eramandako materiala laga ondoren, berehala kendu egin beharko dira bertatik.

B) SAN MARTZIALEKO BEREZKO ELEMENTUAK, LURZORUA ETA AZPIEGITURAK

  • Ezin da lurra leundu, kendu edota eraldatu.
  • San Martzialeko azpiegitura eta elementu guztiak (haur-jolasak, mahaiak, iturriak, hesiak, hormak, informazio-panelak etab.) errespetatuko dira.
  • Ezin da hormetako edo beste inongo harririk hartu edota mugitu. - San Martzialen jarrita dauden mahai finkoak ezin dira eraldatu edo lekuz aldatu.

C) ZUHAITZAK ETA ENBOR ZAHARRAK

  • Zuhaitzak kontu handiz zaindu behar dira. Ezin da zuhaitzetan iltzerik sartu, eta inolako elementu arrotzik sartu, jarri edo zintzilikatu. Ezin da zuhaitzen adarrik moztu edota hostorik kendu.
  • Erabat errespetatu behar dira San Martzialeko elementu baliotsuak diren hildako enborrak, eta hauek babesteko jarritako egurrezko hesiak ere. Hauek ezin dira moztu, iltzatu, lotu eta edonolako elementu arrotzik jartzeko edo zintzilikatzeko erabili.

D) SUA

  • Ezin da surik egin zuzenean lurrean. Gainera, eguraldiak eta sute-arriskuak hala gomendatzen badu, Udalak sua beste edozein eratara egitea debeka dezake.

E) ERROMERIA AMAITZEAN

  • Erromeria amaitzean dena jaso beharko da, bertara eramandako elementu guztiak kendu beharko dira (mahaiak, aulkiak, estalkiak, kupelak…). Elementu horiek erretiratzeko ardura izango dute hara eraman dituzten herritarrak.

F) HONDAKINAK

  • Hondakinak horretarako jarritako edukiontzietan utzi behar dira. Edukiontzi selektiboak erabiltzea eskatzen da.

Aurreko puntuetan jasotakoa betetzen ez bada, egindako kalteak konpontzearen kostuak erreklamatuko dizkie Udalak eta isunak jarri ahal izango dizkie; dena den Udalak espero du horren premiarik ez egotea.

OHARRAK:

  • Udalak eskatzen du goian araututako gaien inguruko edozein zalantzaren aurrean, herritarrak argibide eske joatea Udaletxera edo San Martzialetan bertan izango diren Udaltzainengana.
  • Udalak eskatzen du udal-lurretatik kanpora mahairik ez jartzea aurrez lur-jabeen baimenik lortu ez bada.