2013an ere Gobernuz Kanpoko Erakundeei jarraian aipatzen diren programak garatzeko dirulaguntzak emango dizkie Bergarako Udalak, beti ere, plegu hauetan zehaztutako baldintzetan:

  • Garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen baldintza sozial, ekonomiko eta kulturalak hobetzeko helburua duten programak.
  • Goian aipatutako herrialdeetako errealitatearekiko eta egoera hori sortzen duten arrazoiekiko Bergarako herritarren interesa sortzera zuzendutako ekintzak egitea.

Laguntzetarako diru izendapena.

Diru-laguntzen deialdi honetarako izendatu den kopurua 54.200 eurokoa da.

Kopuru hori ondoren adierazten den eran banatuko da:

  • %5 Bergaran bertan egingo diren sentsibilizazio arloko ekintzetara bideratuko da.
  • Gainerako %95 garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen baldintza sozio-ekonomikoak garatu eta hobetzera zuzendutako ekintzetara bideratuko da.

    Eskabideak.

    Legez eratuta dauden eta irabazi asmorik gabekoak diren Gobernuz Kanpoko Erakundeek eska dezakete diru-laguntza.

Beren ekintzek deialdi honen xedearekin bat egin behar dute eta Euskal Autonomi Erkidegoan edo Nafarroan erroldatuak egon behar dira, eta egoitza soziala, ordezkaritza bat edo administrazio-egitura iraunkor bat Bergaran edo Debagoienean izan beharko dute.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira Estatu, Administrazio Autonomo, Foru Aldundi eta Aurrezki Entitateren baten menpeko erakundeak.

Parte hartzen duen GKE bakoitzak, proiektu bakar bat aurkez dezake arlo bakoitzerako (sentsibilizaziorako bat eta lankidetzarako beste bat).

Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak eta proiektuak baloratzeko irizpideak plegu hauetan zehazten dira.