Ikastaroak otsailean hasiko dira eta parte hartu ahal izateko urtarrilaren 31a baino lehen eman beharko da izena. Matrikula 10 eurotakoa da.

Otsailean bertako euskara lantzeko ikastaroak jarriko dira martxan Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Jardun Elkarteak antolatuta. Ikastarootan parte hartu nahi duten guztiek aurrez izena eman beharko dute.

Lehen ere horrelako ikastaroak egin izan direnez, oraingoan, “hasierako” edota “jarraipeneko” ikastaroaren artean aukeratu ahal izango da, gutxienez 8 laguneko taldeak osatu beharko direlarik.

Ikastaroek helburu bikoitza jarraitzen dute: batetik, guraso, zaintzaile, begirale, entrenatzaile, eta abarri euren hizkuntza-akatsak zuzentzen laguntzea, eta bestetik, umeen akatsak zuzentzeko nagusiek erabil ditzaketen estrategia eta lagungarriak eskaintzea.

Ikastaroei buruzko informazio xehea

Berba egiterakoan, ume zein nagusiek, egiten dituzten akatsik ohikoenak lantzeko ikastarook 10 orduko luzera izango dute, 2 orduko 5 saiotan banatuta.

2013ko otsailean emango dira ikastaroak Udal Euskaltegian. Talde bakoitzaren hasiera eguna eta ordua izena emateko epea bukatu eta taldeak osatu ondoren zehaztuko dira, izan ere, ordutegiak sortzen diren taldeen arabera antolatuko dira.

Izena eman nahi dutenek 2013ko urtarrilaren 31a baino lehen egin beharko dute. Horretarako, Udal Euskaltegira deitu (943-764453) ahalko da edota Izena emateko txartela bete eta Udal Euskaltegira eraman. Ikastaroan parte hartzeko 10 eurotako matrikula ordaindu beharko da.