Pixkanaka, orotariko zaborrak jasotzen dituzten kaleko kontenedore txikiak kenduko dira eta ontzi berauek egokituko dira hondakinak motaka bereiztuta bota ahal izateko.

Zero zabor filosofia ardatz hartuta eta herritarrek kalean daudela sortzen dituzten hondakinak gaika jaso eta birzkiklatu ahal izateko, Bergarako Udalak herriko kaleetan aurkitzen diren zaborrontzi txikiak ordezkatuko ditu datozen asteetan. Honela, egungo zaborrontzi beltz bakarra desagertu egingo da 4 koloretako ontziei tokia utzita (urdina papera jasotzeko, marroia hondakin organikoentzako, horia plastiko eta edukiontzientzako eta grisa errefusa jasotzeko). Horretarako, herrian 1.000 inguru puntutan dauden zaborrontziak progresiboki kenduz joango da Udala, ondoren, ontzi berauek berriztatu, koloreztatu eta berriz kaleetan jartzeko.

Aldaketa egiteko, 120 ontziko taldeekin lan egingo du Udalak. Hau da, bakoitzean 120 ontzi kendu, berriztatu eta birkokatuko dira. Era berean, auzoen eta zonaldeen arteko oreka mantenduko da auzo guztietan egon dadin beti hondakinak botatzeko aukera. Beraz, inoiz ez dira auzo bereko ontzi guztiak batera kenduko.

Aldaketa lanak guztiz bukatzean, hondakinak sailka jasotzeko 250 bilketa gune inguru izango dira herrian. Aurrera begira, sor daitezkeen beharren arabera, bilketa puntuak gehitzea aurreikusten da.