Berba egiterakoan, ume eta nagusiek, egiten dituzten akatsik ohikoenak lantzeko ikastaroak izango dira. Izen-emateko epea urriaren 5ean bukatzen da.

Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Udal Euskaltegiak Bertako euskara lantzeko ikastaroak antolatu dituzte Jardun-ekin elkarlanean. Ikastaroek bi helburu nagusi dituzte: alde batetik, guraso, zaintzaile, begirale, entrenatzaile, eta abarri euren hizkuntza-akatsak zuzentzen laguntzea eta bestetik, umeen akatsak zuzentzeko nagusiek erabil ditzaketen estrategia eta lagungarriak eskaintzea.

Ikastaroak azaro-abenduan emango dira eta 10 orduko iraupena izango dute, 2 orduko 5 saiotan banatuta. Aurretik ere halako ikastaroak egin izan direnez, oraingoan hasierako edota jarraipeneko ikastaroa egin ahal izango da, beti ere, gutxienez, 8 laguneko taldeak osatzen badira.

Urriaren 5a baino lehen eman behar da izena, horretarako, Udal Euskaltegira deitu (943-764453) edota “Izena emateko txartela” bete eta Udal Euskaltegira eraman. Ikastaroan parte hartzeko matrikula 10 euro ordainduko da.

Informazio gehiago eta “Izena emateko txartela” hemen.