Herriko auzo guztiei era berdintsuan eragingo dieten aldaketa hauen bitartez arrazionaltasuna, efizientzia eta jasangarritasuna sustatu nahi ditu Udalak.

Herrian egiten den argiteria publikoaren erabilera arrazionalagoa eta arduratsuagoa bultzatu asmoz, argiztapen sisteman aldaketak burutuko ditu Bergarako Udalak datozen asteetan eta, pixkanaka, argiztapenean zenbait aldaketa egingo ditu udalerrian zehar. Horrez gain, argiztapenerako teknologia efizienteagoak barneratuz joango da.

Neurri hauekin guztiekin argiztapen gastuak %50 jaistea da helburua. Hala ere, Jesus Elortza alkatearen hitzetan honek ez du esan nahi herria itzali nahi dugunik, aitzitik, argi gehiegi dagoen tokietan efizientziaz eta arduraz jokatu nahi dugu. Baina, herritarrek bermatuta izango dute segurtasuna. Argi izan dezatela ez dugula kale bat bera ere ilunpetan utziko.

Aldaketa mailakatua

Honela bada, argiztapena gutxitzeko, tokian-tokian dagozkion neurriak hartuko dira Obra eta Zerbitzuetako arduradunek adierazi dutenez, izan ere, kale eta auzo bakoitzaren egoera oso desberdina da. Kasu batzuetan bi bonbilatik bat indargabetuko dugu, beste batzuetan, farola ilara bat... eta dagokionean, argiztapena egokia bada, berdin lagako dugu.

Hala ere, herriko hainbat tokitan argiztapena murriztera egingo bada ere, argiztapen gehiagoren beharra dagoen tokietan ere neurriak hartu ditu Udaletxeko Obra eta Zerbitzuetako Sailak. Honela, esaterako, San Martzial bidean argiztapen berria jarriko da.

Aldaketak inplantatuz doazen neurrian Udalak horien berri emango die herritarrei bandoen bitartez, komunikabideen bitartez eta udal web orriaren bitartez. Horrez gain, aldaketa hauek herritarrekin egin nahi ditu Udalak, hau da, egiten diren aldaketak ez dira behin betikoak izango egokitzat jo arte, horregatik, herritarren ekarpenak funtsezkoak izango dira erabaki zuzenak hartzeko.

Argiteria efizienteagoa

Horrez gain, argiztapen sistema modernizatuz joan nahi du Begarako Udalak teknologia efizienteagoak eta gastu txikiagokoak barneratuz joateko. Zentzu honetan, dagoeneko martxan jarri da Angiozarko inguru berrian proiektu pilotu bat LED bitartez argiztatuko duena. Hasiera batean presentzia dektektoreak izango dituzten 17 luminaria jarriko dira bertan. Hauek potentzia baxuan (%10) programatuta egongo dira eta pertsona baten presentzia detektatzen dutenean indartu egingo da ematen duten argia.

Sistema honen bitartez argiteria gastua 2.000 eurotik 400 eurora jaistea espero du Udalak Angiozarren bertan soilik.

Dagoeneko hartu diren zenbait neurri

Bergarako udala hasi da dagoeneko neurriok indarrean jartzen. Honela, herri inguruko poligono industrialetako argiteria gutxitu du dagoeneko. Horrez gain, argiztapen monumentala ere itzali egin du.

Udal-argiteriari dagozkion zenbait datu

3.031 farola daude Bergaran. 2011 ekitaldian udal-argiterian 281.549 euro gastatu ziren, aurreikusitakoa baino 30.000 euro gehiago 2012 ekitaldirako 270.000 euro bideratu ditu Udalak. 2012ko urtarriletik 104.000 euroko gastua izan da dagoeneko.


Arloa: