Toribio Jauregi argazkilariak gerra denboran ateratako argazkiak izango dira erakusketaren oinarria

Erakusketa honetarako, oinarri bezala, Toribio Jauregi argazkilariak gerra denboran ateratako argazkiak hartu ditugu; hain zuzen ere, gerra hasi zenetik 1936ko uztailaren 18tik Elgetako frontea erori arte 1937ko apirilean egindako argazkiak. Argazki hauek udal artxiboan daude, Toribio Jauregiren familiaren dohaintzari esker. Argazkiez gain, II. Errepublikako eta Gerra hasierako dokumentuen digitalizazioak ere jarri ditugu kontestu historikoa azaltzeko. Irudiak eta testuak erabilita, Bergaran bizi zen egoera erakutsi nahi dugu.

Aipatzekoa da erakusketa elkarlanean antolatu dela Udal Artxiboaren eta Intxorta 1937 Kultur Elkartearen artean. Artxiboak, dokumentu funtsak gordetzeaz gain, Bergarako argazki funtsa eta bilduma ugari ere gordetzen ditu, gure ondarea zaindu eta kontsultagarria izan dadin. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, berriz, gerra eta frankismo garaia ikertzea eta memoria berreskuratzea du helburu.

Zentzu horretan, erakusketak bi helburu ditu. Bata, udal artxiboko argazkiak erabilita herritarrek garai latz haietako lekukotasunak ikustea. Bestea, berriz, informazioa jasotzea; izan ere, ikusle guztioi parte hartzea eskatzen dizuegu. Nola? Argazkietan agertzen diren pertsonak identifikatzen; horrela, informazio hori Intxorta 1937 Kultur Elkarteak egiteko asmoa duen ikerketan erabili ahal izango du.

Antolatzaileak: Bergarako Udal Artxiboa eta Intxorta 1937 Kultur Elkartea Non: Aroztegi aretoan Noiz: 2012ko martxoaren 30etik apirilaren 29ra arte Ordutegia: Asteartetik ostiralera: 18:00-20:30 Larunbatetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30 Igandeetan: 12:00- 14:00