Abenduaren 9an, asteazkenean, Berdintasun Kontseiluak bilera egingo du

Bergarako Berdintasun Kontseiluaren XI. bilera egingo da abenduaren 9an, asteazkenean. Arratsaldeko 18:30ean, Irizar Jauregian.

Egungo osasun egoera aintzat hartuta egingo da bilera eta, nahi duenak, bilerara telematikoki konektatzeko aukera izango du, aldez aurretik jakinarazita (berdintasuna@bergara.eus).

Gai hauek landuko dira:

- Azaroko ekintzen balorazioa.
- Udalak martxan dituen edo jartzea aurreikusten dituen ekimenen berri ematea.
- Martxoaren 8ra begirako antolaketarekin hastea.

Zea Mays taldeak joko du larunbatean Seminarixoan

Larunbat honetarako, abenduak 5, Bergarako Udalak programatuta zuen Erik eta Win emanaldia Seminarixoan, baina taldekide bat gaixotu dela-eta emanaldia bertan behera gelditu da.
Horren ordez Zea Mays-ek kontzertua eskainiko du Seminarixoan abenduaren 5ean 19:00etan Atera diskoa aurkezteko.
Sarrerak gaur, abenduak 2, 17:30ean jarriko dira salgai Kutxabank-en eta baita Seminarixoko leihatilan ere. Sarreren prezioa: 8€.
Era berean, bihar 18:00 – 20:00 bitartean zabalik egongo da Seminarixoko leihatila.

Fraiskozuri udal pilotalekuko tabernaren ustiaketa eta instalazio horien kontrola eta garbiketarako pleguak aurkezteko epea zabalik dago abenduaren 9ra arte

Fraiskozuriko udal pilotalekuari erantsitako tabernaren ustiaketa eta instalazio horien kontrola eta garbiketa ematea du helburu zerbitzua honek. 

Kontratuak urte bateko iraupena izango du, kontratua indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita (aurreikusten da 2021ko otsailaren 11n indarrean sartzea). Hala ere, kontratua urtez urte luzatu ahal izango da 3 urtez, gehienez guztira 4 urte izan arte. 

Lizitazio tipoa guztira (urtekoa), 21.538 euro (BEZ barne) da. 

Erakusleiho lehiaketan parte hartzeko abenduaren 3tik 11ra eman behar da izena

Bergarako merkataritza-establezimendu guztiak aintzakotzat hartuko dira lehiaketan, aurrez izena emanda. Izena emateko epea, abenduaren 3tik 11ra bitartean, 943761016 telefono-zenbakira deituta (komertzio-ordutegian).

2020ko abenduaren 7tik aurrera erakusketarako prestatuta egon beharko dute erakusleihoek.

Sariak ematerakoan, kontuan hartuko da publizitate-mezuaren imajinazioa, originaltasuna, argiztapena, berrikuntza eta eraginkortasuna, erakusleihoaren kalitatearekin batera.

Erakusleihoetan establezimenduan saltzen diren ohiko artikuluak agertu beharko dira.

Ohiko osoko bilkuran landutako gai guztiak onartu ditu Bergarako udalbatzak

Formatu semipresentzialean egin da bilkura.

Azaroaren 30ean egin du Bergarako udalbatzak azaroko ohiko osoko bilkura. Gai-zerrendako puntu denek egin dute aurrera, eta gehientsuenak aho batez onartu dira.

Besteak beste, aho batez onartu dute udalbatza osatzen duten hiru alderdiek, Frankismo garaiko delituengatik jarritako kereilaren inguruan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako autoa errekurritzea Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian. Honela, Bergarakoa izango da auzi honengatik bide hori jorratzen duen lehen udala.

Orriak