Bergarako Udalaren helburu nagusietako bat parte-hartzea sustatzea da. Asmo horretan, hainbat prozesu eraman ditugu aurrera dagoeneko eta orain, Labegaraietaren txanda izango da. Udalak Labegaraieta auzoko kirolgunea eta bere inguruko aisialdi eremuaren erabilera definitu nahi ditu eta horretarako, parte-hartze `rozesua jarriko du abian. "Proiektu garrantzitsua izanik, herritarren partaidetza ipar moduan nahi dugu izan. Bergara eraikitzeko orduan, herritarren iritzi eta iradokizunak kontutan hartzea garrantzitsua baita Udalarentzat. Asmoa Labegaraietako kiroldegia eta honen inguruko aisialdi gunea berrantolatzeko aukeren inguruan hausnarketa egitea da, eta herritarrekin egin nahi dugu hausnarketa hori. Gune hau kirol eremutik haratago dago, Bergarak eskaintzen duen aisialdirako eta bizikidetzarako eremu garrantzitsuenetakoa da. Horregatik, eta herritarrek ezagutzen dutenez ondoen Bergara, herritarrek ikusten dituzten behar, gabezi eta indarguneak ezagutu nahi ditugu", agertu du Elena Lete alkateak.

Iritzi eta proposamen horiek jasotzeko abuztuko oporraldia baino lehen bi saio ireki egingo dira. Saio hauek, auzotar, erabiltzaile eta herritar guztiei zabalduta egongo dira eta lehenbiziko bilera, ekainaren 28an, asteartean, egingo da 18:00etan Labegaraieta kiroldegian bertan. Bigarrengoa uztailaren bigarren hamabostaldian izango da. 

Eraikin eta eremu zaharra

Labegaraieta eremuak urte asko ditu eta biziberritzeko beharra dago baina hainbat muga ere aurkezten ditu prozesuak; besteak beste, industria izandako gunea izatea, aurrekontua, eta ibaiak ere mugak jartzen ditu. Hala ere, aurtengo aurrekontuetan 72.000 euroko partida sartu du Udalak Labegaraieta eremua definitzeko eta hurrengo urteko aurrekontuetan ere diru partida bideratuko dela aurreratu du Lete alkateak. 

Kiroldegiak 30 urteko ibilbidea du dagoeneko eta urteetan egokitzen joan den arren, berritze prozesu baten beharra nabarmena da. Iñaki Ugarteburu Kirol teknikariak adierazi duenez, "eraikin hotza da neguan, kantxaren egoera ez da ona, kanpoko pistentzat estalpea, aldagelak berritzea... Gauza asko dago egiteko, eraikinak ordea, estruktura aldetik aldaketarik ez du izango hasiera batean behintzat. Helburua dauden premiei aurre egin eta zerbitzuak hobetzea izango da".

Honela, partaidetza prozesuko bileretan herritarrekin batera adostuko dira zein behar dauden eta zeintzuk duten lehentasuna. Horregatik, Elena Lete alkateak kirol elkarteak edo erabiltzaileak, aisialdi arloan dabiltzan herritarrak eta auzokideak gonbidatu ditu euren proposamenak aurkeztera.