Bergarako ikasleak, San Martin Agirre Herri Eskolan, Aranzadi Ikastolan, Mariaren Lagundia Ikastolan, Ipintza Institutuan eta Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxean, Eskolako Agenda 21 programaren bidez, beren eskola eta herria jasangarritasunerantz bideratzen saiatzen ari dira. Helburua, eskola-komunitatea ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea  da, herritar bezala partehartzea bultzatuz. Programa hau Bergarako Udalak sustatzen du eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak aurrera eramaten du.

Aurtengoa, 11. ikasturtea dute jardun horretan, urtero urtero gai ugari jorratuz. 2.600 ikasle inguru ari da proiektuan beraien ikas-komunitate osoaren inplikazioarekin

Eskolako Agenda 21ak, hiru ardatz nagusi lantzen ditu: curriculuma, ikastetxearen kudeaketa eta partehartzea herrian. Atal hauek gai desberdinen inguruan biratu izan dute: ura, energia, hondakinak, mugikortasuna eta garraioa, elikadura jasangarria... 

 

Hasteko, ikastetxe bera aztertzea tokatzen da. Behin curriculuma eta ikastetxeko diagnostikoa egin ondoren, zertan hobetu ikus behar da eta ekintza plan bat osatu. Ondoren, herrian gertatzen dena aztertzea tokatzen da. Herriko diagnostikoaren emaitzak eta horietatik ateratako ondorioak lantzen ari dira, hain zuzen ere, ikastetxeetan. Lortutako emaitzekin, norberak bere egunerokotasunean bete beharreko hainbat konpromiso hartzeaz gain, ikusitako gabeziak konpontzeko proposamenak luzatuko dizkiete udal ordezkariei, ikasturte bukaeran alkatearekin burutuko den entzunaldian.

Aurtengo gaia, “Mugikortasuna eta osasuna” da eta adinari egokitutako diagnostikoa eta ekintzak burutu dituzte.  Txikienek, horma-irudi eta marrazkien bidez nola mugitzen diren aztertzen ari dira, eskolara oinez, autoz edo autobusez joaten diren, egunero ariketa fisikoa egitearen garrantziaz jabetzen, trafikoak sortzen duen zarata eta kutsadura eta herri lasai batek dituen onurak aztertu dituzte, herritarren ohiturak ezagutu… Zergatik ez eskolara oinez eta lagun artean joateko ohitura berreskuratu, lehen egiten zen bezala?

Bigarren hezkuntzakoek ere eguneroko ohituretan oinez eta bizikletaz mugitzeak dituen abantailak ezagutu dituzte, alderdi horien inguruan herritarrekin galdetegiak bete dituztelarik. Trafikoak gure osasunarengan duten eragina ikertzen ere aritu dira: kutsadura atmosferikoa, zarata, alergiak, sedentarismo ohiturak…  Beraz, haur hezkuntzatik hasi eta batxilergoa eta goi mailako zikloen arteko ikasleak ari dira lanean, herria geroz eta jasangarriagoa bilakatzen laguntzeko.

Apirilaren 27an, ikastetxe guztietako ikasle ordezkariak liburutegian batuko dira, Ikasleen arteko Foroan, taldeka egindako ekintzak konpartitu eta Udalean aurkeztuko diren proposamenak elkartzeko. Une aproposa izango da beraien iritziak elkartu eta goiz atsegin bat pasatzeko. Eta hurrengo hitzordua Udaletxean izango da, maiatzaren 25, alkatearekin.