GANDIK proiektuak beste urrats bat emango du 2026-2027 ikasturtean, eta Bergarara iritsiko da. Aurreko ikasturtean Portugaleten eta Beasainen abiatutako fase pilotuaren ostean, ekimena lau udalerri berritara zabalduko da: Laudio, Mungia, Pasaia eta Bergara

Ekimen honek hiru helburu nagusi uztartzen ditu: tokiko merkataritzaren digitalizazioa, gazteen gaitasun digitalak garatzea, eta, aldi berean, euskararen presentzia digitala indartzea, ikasleek sortutako webguneak euskaraz sortuko baitira.

Bergararen kasuan, proiektuak herriko gazteak eta tokiko merkataritza elkarlanean jarriko ditu, ikasleek merkatarientzako webguneak euskaraz sortuz. Proiektuan Miguel Altuna Lanbide Heziketa Zentroak eta Mariaren Lagundia ikastetxeak parte hartuko dute, eta bi zentroetako ikasleek, irakasleen gidaritzapean eta PUNTUEUSen eta Bergarako Udalaren laguntzarekin, herriko hamar saltoki eta tabernarentzako webguneak garatuko dituzte: Bego eta Marije Ileapaindegia, Akort, Laino, Irish Pub Galway's, Izzar Estetika, Sirmiri, Izarra Ileapaindegia, Pinpilinpauxa, Maetabe eta Ninika. Horrela, gazteek beren gaitasun digitalak praktikan jartzeko aukera izango dute, eta, aldi berean, herriko saltokiek presentzia digitala euskaraz indartzeko baliabide bat eskuratuko dute

Belaunaldien arteko lankidetza abiapuntu

Proiektuaren oinarria belaunaldien arteko lankidetza izango da. Eredu horren bidez, merkatariek ez dute ezagutza teknikorik edo baliabide handirik behar izango, ikasleak arduratuko baitira webguneak sortzeaz. Gainera, webgune bakoitzak urtebetez doako .EUS domeinua eta zerbitzaria izango ditu PUNTUEUSen ekarpenari esker, eta merkatariek prestakuntza jasoko dute webgunea modu autonomoan kudeatu ahal izateko.

GANDIK proiektuaren beste ezaugarrietako bat euskararen presentzia digitala sustatzea da. Izan ere, webgune guztiak euskaraz sortuko dira.

Bergarako merkataritzari bultzada, euskaratik

Bergarako Udalaren ustez, GANDIK bezalako ekimenek aukera ematen dute herriko merkataritzaren eta gazteen arteko harremanak sustatzeko eta bi errealitateak elkarlanean jartzeko, euskara ardatz hartuta.

Proiektuaren bidez, gazteek herriko merkataritza gertutik ezagutuko dute, eta merkatariek, berriz, gazteen ezagutza eta gaitasun digitalak baliatu ahal izango dituzte beren negozioen presentzia digitala hobetzeko.

Horrela, digitalizazioa ez ezik, herriko eragileen arteko lankidetza, belaunaldien arteko harremanak eta euskararen normalizazio digitala ere sustatuko dira.