Bergarako Udalak deialdia zabaldu du udal mendi, baso, parke eta lorategietako inausketa eta mozketa lanetatik aterako den egurra doan banatzeko. Egur kantitatearen arabera loteetan banatuko da, eta zozketan ateratako lehentasun hurrenkeraren arabera esleituko zaie interesa duten herritarrei.

Bergaran erroldatutako pertsona fisikoek zein irabazi asmorik gabeko eta Bergaran egoitza duten pertsona juridikoek aurkeztu ahal izango dute eskaera. Zozketan lehentasuna izango dute pertsona fisikoek.

Egurra jasotzeko interesa duten herritarrek egingo dituzte beharrezko mozketak eta garraioa, beren kontura eta ardurapean, behar diren segurtasun neurriak hartuta. Udalak ez du parte hartzerik izango lan horietan. Esleitutako egurra bakarrik jaso ahal izango da, emandako epean, eta erretiratu ondoren gunea egoera onean utzi beharko da. Egurra ezin izango da saldu, laga, trukatu edo etekin ekonomikorik ateratzeko erabili.

Eskaerak urriaren 15etik 30era bitartean (biak barne) aurkeztu beharko dira, honako bide hauetako edozeinetatik:
• Bergarako Erregistro Orokorrean, udaletxeko B@Z bulegora bertaratuta (
• Telematikoki, udalaren web orriko "Tramiteak" ataletik

Epea amaitutakoan, onartutako eta baztertutako pertsonen behin behineko zerrenda argitaratuko da udalaren web orrian, eta erreklamazioak aurkezteko epea zabalduko da. Ondoren, zerrenda definitiboa argitaratuko da, zozketaren data, lekua eta ordua zehaztuta. Zozketa publikoa izango da udaletxean, eta lehenik pertsona fisikoen artean egingo da, ondoren pertsona juridikoen artean. Adjudikazio hartzaileei posta elektronikoz jakinaraziko zaie esleitutako lotea eta egurra erretiratzeko epea, hilabete batekoa. Lorezaintza eta mendiko arduradunak harremanetan jarriko dira egurra non bildu adierazteko.