webmaster-k Ar, 2026-09-29 10:56-n bidalia
Bergarako Udalak Basalgoko balizko parke eolikoaren proiektuak gaur gaurkoz duen plangintzaren aurkako jarrera berretsi du, proiektuak urbanizaezina den lurzoruan, ingurune naturalean, paisaian eta inguruko baserri, etxebizitza eta bizilagunengan izan ditzakeen eraginak direla eta.
Udalak proiektuaren Ingurumen Eraginaren Azterlanaren gehigarriari alegazioak aurkeztea erabaki du. Horretarako, Hirigintza eta Ingurumen Zerbitzuko udal-arkitektoak egindako txostena onartu eta alegazio gisa bidaltzea onartu du astelehen honetako plenoan.
Zehazki, Bergarako Udalak Ingurumen Inpaktuaren Aitorpena kontrakoa izatea eta eskatutako aldez aurreko administrazio baimena ez ematea eskatu du. Azken hilabeteetan alegazio ezberdinak jarri dituzte Bergarak eta inguruko herriek, baina, Bergarako udal gobernuaren iritziz, bere horretan jarraitzen dute proiektuak eta hari lotutako azpiegiturek urbanizaezina den lurzoruan, floran eta faunan, habitat naturaletan, konektibitate ekologikoan eta paisaian izan ditzaketen eraginekiko kezkek. Era berean, Udalak kontuan hartu ditu inguruko baserri, etxebizitza eta bizilagunengan sor daitezkeen afekzioak.
Horrenbestez, Udalak uste du hirigintza eta lurralde bateragarritasuna behar bezala egiaztatu behar dela, baita aipatutako eragin esanguratsurik ez dagoela edo horiek behar bezala prebenitu direla ere. Baldintza horiek egiaztatzen ez diren bitartean, Udalak eskatu du ingurumenaren aldeko ebazpenik ez emateko eta Bergarako udalerrian proiektuarekin lotutako obrak hasteko baimenik ez emateko.
Udalaren eskaera nagusia onartuko ez balitz, Bergarak eskatu du proiektuaren aldeko balizko ingurumen ebazpen batek aurretiaz bete beharreko baldintza zehatz eta egiaztagarriak ezar ditzala. Baldintza horiek erabat bete arte Bergaran obrak hasteko aukerarik ez izatea ere eskatu du.
Ez da Bergarako Udalak proiektuaren inguruan hartu duen lehen erabakia. 2025eko abenduan ere Udalak alegazioak aurkeztu zituen Basalgo parke eolikoaren proiektuaren aurrean. Orduan ere Ingurumen Inpaktuaren Aitorpena kontrakoa izatea eta proiektuari aldez aurreko administrazio-baimenik ez ematea eskatu zuen.
Oraingoan, Udalak proiektuaren Ingurumen Eraginaren Azterlanaren gehigarria jaso ondoren berretsi du bere jarrera. Parkea eta haren ebakuaziorako azpiegitura komunak Eibar, Soraluze, Bergara, Elgeta eta Elgoibarko udalerrietan kokatuko lirateke.
Era berean, Bergarako Udalak prozeduran alderdi interesdun gisa aitortua izatea eskatu du, eta informazio publikoaren fasearen ondoren espedientean sartzen diren dokumentu eta txosten berrien nahiz jasotako alegazioen kopiak helarazteko eskaera egin du

