Bergarako Udalak 2026ko San Martin Jaiak aurkeztu ditu astearte honetan. Irailaren 11tik 16ra bitartean ospatuko diren jaietan, adin guztietarako ekitaldiez osatutako egitarau zabala prestatu da, herriko eragileen, elkarteen eta boluntarioen laguntzari esker.

Aurtengo edizioak, ordea, berezitasun nabarmena izango du. San Martin plaza berritzeko lanak direla eta, jaietako jarduera nagusiak Oxirondo gunera lekualdatuko dira Pentekosteetan egin bezala. Udalak azken hilabeteotan herriko eragileekin eta udaleko sail ezberdinekin lanketa egin du, jaietako ohiko programazioari eutsi ahal izateko, segurtasuna, irisgarritasuna eta jai giroa bermatuz.

Horren ondorioz, aurten Oxirondo izango da jaietako erreferentziazko gune nagusia. Bertan kokatuko dira txosnagunea eta eszenatoki nagusia, eta han egingo dira orain arte plazan egiten ziren hainbat ekitaldi esanguratsu: kontzertuak, erromeriak, dantza txapelketa, feria eta txosnaguneko programazio osoa.

Egitaraua irailaren 11n hasiko da, “Finito Infinito” kale antzerkiarekin eta txosnagunearen irekierarekin. Hurrengo egunean ospatuko da ohiko San Martin Feria, barazki, fruta eta gazta azoka eta lehiaketarekin, artisau produktuen azoka, tailerrak eta dastaketekin. Arratsaldean izango da Bikote Nagusien 41. Dantza Txapelketa, eta gauean kontzertu eskaintza izango da.

Igandean, irailaren 13an, egingo da Simon Arrieta Pintura Lehiaketaren 51. edizioa. Parte-hartzaileen lanak egun berean sarituko dira Oxirondo gunean. Jardunaldia osatzeko, Musika Eskolako fanfarrea eta erraldoien kalejira izango dira herriko kaleetan.

Jaietako unerik berezienetako batzuk irailaren 15ean eta 16an iritsiko dira. Nagusien Danborrada eta Haurren Danborrada ohiko hitzorduak izango dira berriro ere, nahiz eta aurten ibilbide eta topaguneetan aldaketak izan. Izan ere, San Martin plaza erabilgarri ez dagoenez, Oxirondo izango da danborraden erreferentziazko gunea.

Bestalde, Bergarako Udal Musika Bandaren kontzertua udal pilotalekuan egingo da, eta jaietako kontzertu handien artean izango dira Pantxoa eta Peioren ‘Azken Dantza’ ikuskizuna eta txosnagunean antolatutako hainbat musika emanaldi.

Maite Usabiaga zinegotziak aurkezpenean nabarmendu denez, “badakigu aldaketa horiek egokitzapena eskatzen dutela, batez ere San Martin plaza jaietako erreferentziazko gune nagusia izan delako urte luzez. Baina Pentekosteetan ikusi genuen bezala, Oxirondok jaiak hartzeko aukera eta baldintza onak eskaintzen ditu, eta ziur gaude denon artean jai giro bizi eta indartsua sortuko dugula aurten ere”.