webmaster-k Ar, 2026-07-14 10:00-n bidalia
Bergarako Udalak balorazio positiboa egin du aurtengo Pentekosteen jaien inguruan. Aurten, San Martin plazako obrek eragindako lekualdaketek erronka berezia ekarri dute antolakuntzan, baina udalaren ustez, herritarren, eragileen eta elkarteen inplikazioari esker jaiak arrakastaz garatu dira.
Udalak nabarmendu du jaiak herrikoiak direla eta bergarar zein eragile askoren partehartzeari esker eraikitzen direla urtez urte. Aurtengo egoera bereziak elkarlan hori are gehiago indartzea eskatu du, eta Udalak balio berezia eman dio herritarrek eta eragileek erakutsitako prestutasunari. Horri esker, jaien garapena ona izan dela eta emaitzarekin pozik daudela adierazi dute udal ordezkariek, nahiz eta etorkizunera begira hobetu beharreko alderdiak ere identifikatu diren.
Espoloiak, aurten ekitaldi nagusi batzuen kokaleku izan denak, ondo bete du San Martin plazak bete ohi duen funtzioa. Udalaren iritziz, espazio egokia dela erakutsi du jaiak ospatzeko; hala ere, San Martin plazak duen zentralitatea faltan sumatu da, eta horrek eragin du alde zaharra jaien dinamikatik neurri batean kanpo geratzea.
Aurtengo jaietan eguraldia ere erronka garrantzitsua izan da. Euriari aurre egiteaz gain, bero handia ere kontuan hartu beharreko faktore bihurtu dela azpimarratu du Udalak, etorkizuneko ospakizunetarako hausnarketa gisa.
Oxirondoko guneak ere balorazio positiboa jaso du. Bertan konzentratutako jarduerek ondo bete dute aurreikusitako funtzioa, nahiz eta hobekuntzarako aukerak ere antzeman diren. Horretarako, Udalak azokako eragileekin eta inguruko bizilagunekin bildu eta ebaluazio saioak egin ditu, jasotako ekarpenak kontuan hartuz, bereziki datorren San Martin jaiei begira.
Eskaintza musikal guztia Oxirondon biltzeak ere erronka berriak ekarri ditu. Horren harira, Udalak eta Xaxau Konpartsak elkarlana estutu behar izan dute, eta egindako lankidetzaren balorazioa oso positiboa dela adierazi dute, harremanak sendotuta atera baitira prozesutik.
Bestalde, jaiak giro baketsuan igaro direla azpimarratu du Udalak, eta erakundeak ez duela eraso sexisten berririk jaso adierazi du. Herritarren eskutik jaso den sentsazioa ere, oro har, positiboa izan dela nabarmendu dute.
Azkenik, Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie Pentekosteen jaiak posible egin dituzten herritar, elkarte, eragile, boluntario eta udal langile guztiei, erakutsitako konpromisoagatik eta lankidetzagatik. Aurten bizitako esperientziak etorkizuneko jaien antolakuntza hobetzeko balioko duela adierazi dute.

