Bergara Oinez 2019an sortu zen, herriko hainbat elkarte eta eragileren arteko elkarlanari esker. Ekimenaren helburua da bergararren osasuna sustatzea eta herritarren arteko harremanak indartzea. Aurten zortzigarren ediziora iritsiko da. Lehen irteera ostegun honetan, martxoak 26, ospatuko da, Agorrosinetik irtenda 10:00etan.

Iazko esperientziari jarraituz, eta eguraldi txarra egiten duen egunetan ibilaldia bertan behera utzi behar bada, Agorrosingo kirol gunean talde bakoitzari egokitutako ariketa fisikoa edo gimnasia saioak eskainiko dira, ohiko ibilbideen ordez.

Aurten ere, herriko 13 eragileren parte-hartzearekin, Bergara Oinez egitasmoa martxan jarriko da. Martxoaren 26tik urte amaierara arte, guztira hamabost ostegunetan ibilaldi gidatuak antolatuko dira, guztiak Agorrosinetik abiatuta.

Ekimenaren helburua da herritarrak aktiboago izatea eta jarduera ohitura osasungarriagoetara hurbiltzea, bai eta herriko sektore ezberdinen arteko lankidetza eta sozializazioa sendotzea ere. Ibilaldiak errazak eta irisgarriak izango dira, eta ordubete eta ordu eta erdi arteko iraupena izango dute. Nagusiki 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta badaude ere, herritar guztiak dira ongi etorriak.

Parte hartu nahi dutenek komeni dute hiru egun lehenago izena ematea Agorrosinen edo San Joxepe elkartean. Ibilaldia amaitu ondoren, parte-hartzaileei hamarreko osasuntsua eskainiko zaie, elkarren arteko harremanak sendotzeko aukera emanez.

Ekimen honetan parte hartzen duten eragileak honakoak dira: Jardun, Pol-Pol, San Joxepe Elkartea, San Martin Eskola, HHI/EPA, Bergarako Osasun Zentroa, Duintasuna Elkartea, Farmaziak, Aspace, Aranzadi Ikastola, Mariaren Lagundia Ikastola, NEO, Goienetxe eta Bergarako Udala.

MARTXOAK 26

APIRILAK 16

APIRILAK 30

MAIATZAK 14

MAIATZAK 28

EKAINAK 11

EKAINAK 25

UZTAILAK 9

UZTAILAK 23

IRAILAK 10

IRAILAK 24

URRIAK 8

URRIAK 22

AZAROAK 5

AZAROAK 19