webmaster-k Ar, 2026-03-24 09:33-n bidalia
Bedelkar-ek, Bergarako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteak, azken urtean zehar bere irudi korporatiboaren berritze prozesu sakona gauzatu du, komunikazioa eguneratzeko eta bere posizionamendua sendotzeko helburuarekin.
Aldaketa horren baitan, identitate bisual eta logotipo berria sortu da, oinarri kolore gisa Bergarako urdina (mahon) hartuta; herriaren iragan eta tradizio ehungilearekin estuki lotutako tonalitatea.
Era berean, elkarteak maskota ofizial berria aurkeztu du, bergarar Mikel Aginagaldek diseinatua. Irudi honek gertutasuna eta dinamismoa ekarriko dizkie Bedelkarren kanpainei eta antolatzen dituen jarduerei.
Berrikuntza prozesua osatzeko, Bedelkarrek webgune berria jarri du martxan: https://bedelkar.com/. Gune berriak argazki-bilduma eguneratua izango du, erabiltzaileentzako esperientzia intuitiboa eta egungo beharretara egokitua eskainiz. Horrela, herritarrekiko komunikazioa hobetzea eta tokiko merkataritzaren ikusgarritasuna handitzea ahalbidetuko du.

