Bergarako Udalak jakinarazi du 2026. urteari dagokion Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ordaintzeko epea martxoaren 2an ireki dela, eta maiatzaren 22ra arte egongo dela zabalik. Udalak azaldu duenez, epealdi horretan zergapeko guztiek izango dute ordainketa egiteko aukera ohiko kanal eta moduetan.

Udalak zehaztu du helbideratutako ordain-agiriak automatikoki kargatuko direla 2026ko maiatzaren 22an, zergadunek agindutako kontu korronteetan. Modalitate hau hautatuta dutenek ez dute bestelako izapiderik egin beharko, eta karga zuzenean egingo da baimendutako finantza erakundeetan.

Bestalde, helbideratu gabeko ordain agiriak ohiko zerga helbideetara bidaliko dira. Kasu horretan, zergapekoek hainbat modutara egin dezakete ordainketa. Udaletxeko B@Z – Arreta Zerbitzuan bertan ordaindu ahal izango da, astelehenetik ostiralera bitartean 08:00etatik 15:00etara, eta ostegunetan 16:00etatik 19:00etara. Ordainketa egiteko, kreditu edo zordunketa txartelak, diru fisikoa edo Udalaren aldeko txeke izendunak onartzen dira.

Horrez gain, Udalak gogorarazi du Udaletxean dauden bulego elektronikoko kutxazainetan ere egin daitekeela ordainketa, asteko zazpi egunetan eta 06:00etatik 22:00etara. Finantza erakunde laguntzaileen bulego, kutxazain eta banku elektronikoko plataformek ere eskaintzen dute ordainketa egiteko aukera.

Modu telematikoan egin nahi dutenentzat, eskuragarri dago Euskal Administrazioaren Ordainketa Pasabidea, Bergarako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Zerbitzu honek aukera ematen du kontu kargua, txartel bidezko ordainketa edo Bizum bidezko ordainketa egiteko, “Nire Ordainketa on-line” ataletik sartuta (www.bergara.eus).

Udalak ohartarazi duenez, borondatezko ordainketa epea amaitzen denean, ordaindu gabeko agiriak premiamenduzko prozedurara pasako dira. Horrek esan nahi du hasierako zenbatekoari errekarguak, berandutza interesak eta, hala badagokio, kostuak gehituko zaizkiola.