webmaster-k Al, 2026-03-16 09:51-n bidalia
Martxoaren 27 eta 28an ospatuko da aurtengo Erramu Zapatua Bergaran. Herriko kaleak girotuko dituen egitarau oparo eta anitzarekin. Gainera egun berezia izango da larunbatekoa, izan ere euskararen aldeko Korrika Bergaratik igaroko da goizean goiz.
Bezperatik hala ere, izango da zer ikusi eta egin. Arratsaldeko euskal dantzen emanaldiaz gain martxoaren 27an, ostirala, bertso zaletuek hitzordua izango dute 20:00etan, Seminarixoan, Beñat Gaztelumendi, Oihana Bartra, Julio Soto eta Ane Zuazubiskar bertsolariekin. Gai jartzaile Txinbo ariko da, eta Kopla Barik bertso-eskola izango du laguntzaile. Sarrera: 8 euro, eskuragarri www.seminarixoa.eus webgunean.
Martxoaren 28an feria eguna izango da. Baina aurretik Korrika pasako da gure herritik, goizeko 6:00ak aldera zeharkatuko du Bergara. Giroa goizean goiz bermaturik egongo da beraz. Baina Feria bera, goizeko 9:00etan irekiko da.
Ohi bezala, abelburuen erakusketa Ibargarain izango da. Elikagai eta artisautza postuak Ibargarain, Simon Arrieta eta San Martin plazetan kokatuko dira. Eta seminarioko patioan makinaria eta landare erakusketa.
Zer jana ere egongo da, postuetako elikagaiak erosteko aukerarekin batera, San Martin plazan Elikaenearen sukaldaritza ikuskizuna eta Euskolabel pintxoen postua egongo da eta seminarioko patioan taloena.
Berrikuntzak ere badazkar aurtengo Erramu Zapatu feriak. Artisau postuen artean forja lanen inguruko erakustaldia egingo du Munibe plazan Iker Gabilondok (Sualai Forjak) eta Nagore Intxausti artzai naparrak San Martin plazan artilearen tailer parte-hartzailea burutuko du.
Eta modu partehartzailean ere planteatu du aurten ere Jardunek Txorimaloaren lanketa. Herritarren partehartzea eskatuko dute txorimaloa jazteko, Zuk zer ale emango zenioke euskarari?
15:00etan herri bazkaria izango da Udal pilotalekuan eta ondoren kale animazioa Erramu Txarangarekin. Arratsaldean, 17:30ean, herri kirol partehartzaileak egingo dira Seminarioko patioan, 12 urtetik gorako bergararrek parte har dezaten. Kuadrillen arteko olinpiadetarako lau pertsonako taldeek eman dezakete izena, taldeak mistoak izan behar dira eta bergara.eus-en izena eman daiteke martxoaren 26ra arte. Bestela ere, olinpiadetan izena eman gabe ere, egunean bertan herritar ororentzat aukera izango da herri kirolak probatzeko.
Eta eguna Korrikarekin hasi bada, eguna Korrikarekin amaitzea izango da herritarrei egingo zaien gonbidapena. Korrika kulturala oraingoan, Take taldearekin eta ZUTIK erromeriarekin Munibe plazan iluntzeko 20:00etan antolatu den kontzertuarekin itxiko da egitaraua.

