webmaster-k Az, 2025-12-17 10:18-n bidalia
Bergarako Udalak duela egun batzuk ekin zion San Juan auzoan dagoen zubia konpontzeari, egitura arazoak zituela eta segurtasuna bermatzeko premia zegoelako. Zubi hau San Juan auzoko 12 baserrirako sarbidea da, eta konponketa lanek egitura indartzea eta pasabidea seguru egitea dute helburu. Obrak Construcciones Zubieder, S.L. enpresak egingo ditu, eta 105.890,43 euroko inbertsioa suposatzen du.
Ez da, ordea, Udalak aurten auzo eta baserri bideetan egin duen inbertsio bakarra. Angiozarko Munabera baserrirako bidea konpontzeko lanak uda honetan hasi ziren eta amaitzear daude, guztira 139.592,70 euroko kostuarekin. Horrez gain, azaroko batzordean beste hiru bideren konponketaren kontratazioa bideratu zen: Basalgo auzoko Arangurentxo, Elorregiko Aldazpe eta Buruñao auzoko Zabale baserrietarako bideetan egingo dira lanak, Elurlan, S.L. enpresaren eskutik, eta konponketa hauen kostua 41.987 eurokoa izango da. Eta lanak laster hasiko dira.
Udalak, gainera, beste behar batzuei erantzuteko ahalegina egiten jarraitzen du ohiko desbroze lanez gain (72.000€ urtean). Guztira, 2025 urteko aurrekontuan 323.917,82 euro bideratuko dira baserri eta auzo bideen konponketara. Angiozarko Galarraga baserrirako bidea amaituta, laster auzo berean Lopeberrikoa eta Elusun Bentara doan bidea konpontzeko lanak hasiko dira, guztira 36.538 euroko inbertsioarekin.
“Herrigunean egiten ditugun inbertsioetan bezala, gobernu honen ikuspegitik beharrezkoa da auzoguneetako gutxieneko azpiegiturak bermatzea. Batzuetan zaila izan daitekeen arren, gure apustua argia da zentzu horretan”, adierazi du Markel Azkargorta zinegotziak.

