Bergaran izango da 2025eko irailaren 27an, larunbatean, lehen Otxote Topaketaren eszenatokia. Alai Berri Abesbatzak bultzatutako ekimen honen helburua da otxoteen arteko harremanak estutzea, euskal folklorea zabaltzea eta lau ahotsetako kantuen aberastasuna herriko kale eta auzoetara hurbiltzea.

Eguneko egitaraua
Eguna 12:00etan hasiko da, Seminarixoa aretoan eskainiko den kontzertuarekin. Talde bakoitzak lau ahotsetarako moldatutako gehienez lau pieza eskainiko ditu.

Goizeko saioaren ondoren, 13:30etik 14:45era, “Kaleak alaitzen” ekimena izango da: Bergarako kale eta auzoetan zehar egingo den ibilbide musikala. Talde bakoitzak bere ibilbidea izango du, hainbat tabernatan geldialdiekin. Horretarako, Bergarako Musika Eskolako trikitilariak lagunduko digute.

Amaiera gisa, abesbatza guztiak elkartuko dira San Martin Agirre plazan, Txanton Piperri operaren azken himnoa den “Euskalherriko” kantua elkarrekin abesteko.

Jardunaldia kantu-bazkari batekin itxiko da, Pertxa elkarte gastronomikoan ospatuko den herri-bazkariarekin, giro atsegina eta taldeen arteko elkarlana sustatzeko.

Parte-hartzaileak
Lehen edizio honetan ondorengo otxote gonbidatuek hartuko dute parte:
• Otxote Lur Maitea (Bilbo)
• Karnaba Otxotea (Errenteria)
• Illumbe Otxotea (Pasaia)
• Luberri Xuri (Donostia)
• Alai Berri Abesbatza (Bergara, antolatzailea)

Antolaketa
Antolakuntza Alai Berri Abesbatzaren eskutik izango da, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Horrez gain, hainbat bergarar artistak lagunduko dute ekitaldia antolatzen, “dena etxean gera dadin”:
• Santi Arrieta eskultoreak parte-hartzaile guztiei emango zaizkien eskulturak sortuko ditu.
• Manu Muniategiandikoetxea margolaria kartelerako irudiaren egilea da.
• Mikel Laskurain aktoreak Seminarixoko kontzertuaren aurkezlea izango da.

Era berean, modu handiago edo txikiagoan laguntzaile izango dira: Bergarako Musika Eskola, Pol-Pol taberna, Harris, Maxim’s, Frontoia, Txamonix, Azpeitxi, Etxagi, Hamaika, Ogi Berri Espaloia, Etxalar eta Kaiak.
I. Otxote Topaketa honen bidez, Bergarak euskal kulturarekiko eta musika koralarekiko konpromisoa indartzen du, herritarrei festa-giroko eguna eskainiz, non tradizioa eta elkarbizitza eskutik helduta etorriko diren.