Bergarar agurgarriak,

Urtero bezala, udaberriak gure herria kolorez eta bizipozez betetzen duen une honetan, Pentekoste jaiak iritsi zaizkigu. Egun hauetan, bergararrok gure alde onena erakusten dugu: kaleak kolorez eta musikaz janzten dira, eta gure plazak eta kaleak belaunaldi eta jatorri ezberdinetako bergararron topagune bihurtzen dira.

Jai hauek gure nortasunaren adierazgarri dira, izan ere, gure sustraiak gogora ekartzen dizkigute eta etorkizunari begiratzeko aukera ematen digute. Horren harira, aurtengoa ere txupinazo berezia izango da, San Martin plaza orain arte ezagutu dugun bezala ikusiko dugun azken urtea izango delako, datorren urterako hobekuntzak egin eta itxura aldatuko baitiogu.

Bide horretan, aitortza egin nahi diet Pentekosteak aurrera ateratzeko Jai Batzordeak, boluntarioek eta langileek, oro har, egiten duten lanari esker. Haien konpromisoa eta ahalegina funtsezkoak dira, jai inklusibo, anitz eta partehartzaileak bermatzeko. Bihotzez, eskerrik asko guztiei.

Egun hauetan goza ezazue antolatutako ekitaldiez, baina baita zuen txoko propioak sortuz ere: abestu kalean, dantzatu plazan, gozatu familiaz eta lagunez eta izan Bergara biziarazten duen indarra. Zuen partehartzeak ematen die Pentekosteei zentzua.

Baina ez dezagun ahaztu errespetua eta elkar zaintza ezinbestekoak direla. Gozamenaren erdian, denontzako espazio seguru eta abegikorrak sortzea da gure helburua. Jaietan, guztion ongizatea bermatzea da garrantzitsuena.
Gozatu eta errespetatu, eta, posible bada, ahaztu eguneroko arazo eta buruhausteak. Hori da nire mezua. Gora bihotzetik ateratako algarak, gora txikienen begietako ilusioa eta gora Bergara!

Adeitasunez,
Gorka Artola