Bergarako Udalak eta Ndank Ndank elkarteak lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute, Bergaran kulturartekotasuna eta bizikidetza positiboa sustatzeko helburuarekin. Hitzarmenak urte osoko iraupena izango du, eta elkarteak garatuko dituen jarduerak ekonomikoki babesteko 15.000 euroko dirulaguntza zuzena jasotzen da bertan.

Sinadura ekitaldia udaletxean izan da, eta akordioa Gorka Artola Alberdi alkateak eta Mamadou Sarr Diame Ndank Ndank elkarteko lehendakariak izenpetu dute. Hitzarmenaren bidez, bi aldeek adierazi dute elkarrekiko konfiantzan eta helburu partekatuetan oinarritutako lankidetza sendotu nahi dutela, herriko kultur aniztasuna aberastasun gisa ulertuta eta kudeatuta.

Ndank Ndank Bergaran nazionalitate desberdinen arteko harremanak eta kultura trukeak sustatzeko helburuarekin lan egiten duen elkarte bakarra da, bereziki Senegal eta Afrika hego-sahararreko komunitateekin. Hitzarmenaren bidez, elkarteak hainbat betebehar hartuko ditu bere gain, besteak beste:
• Bergaran kultur aniztasuna lantzeko erreferentziazko pertsona bat izendatzea.
• Momentu honetan martxan dagoen kulturartekotasun mahaia dinamizatzea eta sustatzea, Udalarekin elkarlanean.
• Familia enbaxadoreen proiektua bultzatzea, herriko ikastetxeen eta familien arteko zubi lana eginez.
• Jardueren berri ematea eta Udalak egiten duen jarraipen-lanari laguntza ematea.

Bergarako Udalak, bere aldetik, dirulaguntza bideratzeaz gain, elkarteak antolatutako ekintzak gauzatu ahal izateko udal azpiegiturak doan lagako ditu, baita beharrezko laguntza teknikoa ere eskainiko du.

Hitzarmenak, halaber, baldintza argiak ezartzen ditu hizkuntzaren erabilerari dagokionez: elkartearen eta Udalaren arteko harremanak euskaraz bideratuko dira, ahoz zein idatziz, eta euskararen presentzia bermatuko da komunikazio, dokumentazio eta publizitate guztietan. Udalaren Euskara Planaren jarraibideak kontuan hartuta, euskararen kalitateari, erabilerari eta ikusgarritasunari garrantzi berezia emango zaio, betiere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz.

Era berean, genero berdintasunaren arloan indarrean dauden legeak betetzea ezinbestekoa izango da. Elkarteak emakumeen eta gizonen parte hartze orekatua bermatu beharko du bere jardueretan, eta irudi nahiz hizkera ez sexistaren erabilera izango da irizpide nagusia. Hitzarmenean jasotzen da, halaber, adikzioen prebentzioaren inguruko legeak betetzea, bereziki jarduerak adingabeei zuzenduta daudenean.

Dirulaguntzaren kudeaketa eta justifikazioari dagokionez, urtea amaitu eta gehienez bi hilabetera, elkarteak urteko jardueren txostena eta kontuak aurkeztu beharko ditu. Gainera, kontuan hartu da dirulaguntza ez dela bateragarria izango Udalaren beste deialdi batzuetan emandakoekin.

Gorka Artola Bergarako alkatearen hitzetan, “Bergarako Udaletik konfiantza osoa erakusten dugu akordio honen bitartez lankidetza esparru estuago bat sortzeko. Garrantzitsua iruditzen zaigu komunitate ezberdinen artean elkarlana sustatzea, eta argi daukagu elkartearen lan ildoak eta Bergarako Udalaren konpromiso instituzionala uztartuz, Bergarak urrats sendoa emango duela elkarbizitza eredugarriago baterantz”.