Bergarako Udala-k Og, 2025-03-13 16:26-n bidalia
Bergarako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Ordiziako Udalarekin eta Haurralde fundazioarekin lankidetzan, aniztasuna eta inklusioa sustatzeko kirol gida berria aurkeztu du prentsaurreko batean, Donostian. Gida hau udalerri mailan inklusioa bultzatzeko eta jarduera fisikoaren bidez gizarte-kohesioa sendotzeko tresna baliotsu gisa aurkezten da. Aurkezpenean izan dira Goizane Alvarez Irijoa Kultura eta Kirol diputatua, Gorka Artola Bergarako alkatea, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea eta Jaqueline Bica Haurraldeko komunikazio teknikaria.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak, Haurralderekin, Ordiziako eta Bergarako udalekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean, emakume migranteek jarduera fisikoan eta kirol-jardueran parte hartzeko gida aurkeztu du. Dokumentuak kirol-eragileentzako eta udalentzako tresnak eskaintzen ditu, kirol-jardueran arrakala murriztu eta inklusioa sustatzeko.
"Gaur aurkezten dugun gida honek Bergaran aniztasuna eta inklusioa sustatzeko dugun konpromisoa islatzen du," adierazi du Gorka Artola alkateak. "Kirola ez da soilik osasuna eta ongizatea lantzeko tresna; komunitatea eraikitzeko eta pertsona guztiak, jatorria edozein dela ere, elkartzeko bide eraginkorra ere bada."
Bergarako Udalaren 2024-27 Legegintzaldi planean jasota dago zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek jarduera fisikoan parte hartzea sustatzeko neurriak hartzea. Helburu horrekin, Bergarako Kirol Zerbitzuak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean dihardu, beste udalerri batzuetan garatutako esperientziak Bergarara egokitzeko.
Mugiment, Emakumeok Mugimenduan eta Gipuzkoa Ekitaktiboa marko teorikoak oinarri hartuta, emakume migratuekin kirola sustatzeko proiektu pilotua martxan jarri da. Programa honen baitan, 32 emakumek parte hartzen dute eta jarduera desberdinak burutzen dituzte, hala nola aerobika, dantza, pilates, meditazioa, body balanza, tonifikazioa, yoga eta spinning. Parte-hartzaileek oso balorazio positiboa egin dute, eta etorkizunean kirol jarduera gehiago eskaintzeko asmoa dago.
Gida hau tresna praktikoa da kirol arloko eragileentzat eta udalentzat, euren programetan inklusioa eta aniztasuna modu aktiboan txertatzeko. Kirola guztiontzat eskuragarri izan dadin, beharrezkoa da ekimenak irisgarriak eta ekonomikoki eskuragarriak izatea. Hori dela eta, emakume migratuei zuzendutako ekimen hau doakoa da, eta euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzen da.
Gipuzkoari buruzko datuak
Gipuzkoan pobreziako eta gizarte bazterketako arriskuari buruz SIISek egindako azterketaren arabera (2022), kirola egunero egiten duten pertsonen ehunekoari begiratuta alde nabarmena dago bertako biztanleen (% 31,7) eta atzerritar jatorriko biztanleen (% 14) artean. Arrakala horrek kirol jardueran inklusioa sustatzeko esku-hartze espezifikoen beharra azpimarratzen du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak berretsi egiten du jarduera fisikoa gizarteratzeko, ongizaterako eta bizi kalitatea hobetzeko tresna gisa sustatzeko konpromisoa, eta ekimenarekin bat egiteko deia egin die inplikatutako eragile guztiei.