Bergarako Udala-k Og, 2025-03-06 12:22-n bidalia
Debagoieneko Mankomunitateak energia trantsiziorako bulegoa irekiko du. Hala iragarri dute Dorleta Elkorobarrutiak, Mankomunitateko Lehendakariak, eta Xabier Igartuak, juntako kidea eta Oñatiko zinegotziak.
“Trantsizio energetikoa lehentasuna bilakatu da azken urteetan, eta datozen urteetarako erronka nagusienetako bat izango da. Zentzu horretan, ezinbestekoa ikusi dugu herritarrak informatu eta aholkatzeko zerbitzu publikoa martxan jartzea” adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Mankomunitateko Lehendakariak.
Zerbitzu hori mankomunatua izatea lehenetsi dute Debagoieneko herriek, izan ere, “gai estrategikoetan zerbitzu bateratuak eskaintzeko ahalegina egiteko apustua egin genuen legealdi honetan, eta gai honek Debagoiendar guztioi eragiten digu”.
Herriz herriko bulegoa
Arreta zuzena emango du bulego berriak, eta herri guztiek izango dute aurrez aurreko zerbitzua eskainiko duen egun eta ordutegi propioa. Horretarako teknikari bat izango da herriz herri, energiari lotutako informazio guztia gardentasunez eskaintzen. Herri bakoitzak egun eta ordutegi propioa izango du zuzeneko arretarako:
Herria |
Helbidea |
Ordutegia |
ESKORIATZA |
Fernando Eskoriatza plaza 1 (Udaletxea) |
ASTELEHENA 9:00-14:00 |
ARRASATE |
Nafarroa etorbidea 17, behea (Mankomunitatea) |
ASTEARTEA 9:00-13:00 |
ARETXABALETA |
Durana kalea 13 |
ASTEARTEA 14:30-17:30 |
OÑATI |
Bidebarrieta 24, behea |
ASTEAZKENA 9:00-14:00 |
ELGETA |
Mendizaleen plaza, 1 (Udaletxea) |
OSTEGUNA 9:00-13:00 |
BERGARA |
San Martin plaza z/g (Udaletxea) |
OSTEGUNA 14:30-17:30 |
ANTZUOLA |
Herriko Plaza 8 (Udaletxea) |
OSTIRALA 9:00-14:00 |
LEINTZ GATZAGA |
Leintz Gatzagan ere zerbitzua aurrez aurre emateko aukera egongo da baina aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da |
Aurrez aurreko zerbitzuaz gain, aukera izango da ere telefonoz eta emailez informazioa eta aholkularitza eskaera egiteko. Horretarako, Mankomunitateak, telefono eta mezularitza zerbitzuak jarri ditu martxan, 747 48 51 47 telefono zenbakian eta energiabulegoa@debagoiena.eus helbide elektronikoan. Horrez gain, energiabulegoa.debagoiena.eus webgunea ere martxan jarri du Mankomunitateak, zalantzak argitu eta informazioa uneoro eskuragarri izateko.
Helburua: herritarrei informazioa gardentasunez ematea
Xabier Igartuak “informazio gardentasun falta” nabarmendu du energia merkatuan, eta zerbitzu mankomunatu honek “argibide eta gardentasuna eman nahi dio sektoreari”.
“Multinazionalek agintzen duten energia sektorean, gardentasun falta handia dago, eta horrek, eragin zuzena du herritarrengan. Izan ere, energia berdina, ordutegi berdinean erabiltzeagatik ordaintzen dena guztiz ezberdina izan daitekeelako. Tarifa libreen bilakaerak faktura batzuetan 3 eta 4 aldiz garestiago kobratzea ere ekarri izan du kasuren batzuetan. Herritarrek informazio gardena izateko eskubidea dute, oinarrizko beharrak asetzeko modu informatuan erabakiak hartzeko” azaldu du Igartuak.
Bulegoak honako gai hauen inguruan, besteak beste, emango du arreta:
● Elektrizitate eta gas fakturetan agertzen den informazioa azaldu eta ulertarazten laguntzea.
● Merkatu arautuan eta librean dauden aukerei buruzko informazioa ematea.
● Datu historikoetan oinarrituz, horniketa bakoitzari dagokion potentzia optimoa aztertzea.
● Etxean instala daitezkeen energia berriztagarrien inguruko informazioa ematea.
● Etxebizitzaren birgaitze energetikoari buruzko gaietan aholkatzea.
● Laguntza ekonomikoak lortzeko aukerak dauden aztertzea (bonu sozialak, GLL eta bestelakoak).
Energia trantsizioan 4 ildo estrategiko lantzeko apustua
Agintaldi honetan trantsizio energetikoa lehentasunezkotzat jo du Debagoieneko Mankomunitateak, eta 4 lan ildo estrategiko ditu martxan:
- Energia ereduaren aldaketaren aldeko apustua egitea. Horretarako informazioa, modu gardenean herritarrei eskaini eta energiaren inguruan herritarrak ahalduntzea oso garrantzitsua da. Eraldaketarako tresna gisa Energia bulegoa eta datu behatokia martxan jartzea bultzatu da, bertan herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitze aukera izan dezaten
- Energia arloan eskualdeko administrazio publiko arduratsua sustatzea
- Energia kudeaketa jasangarria bultzatzea etxeetan eta jarduera ekonomikoetan
- Eskualdeko hirigintza eta mugikortasuna energia eta klima irizpideekin garatzea
Amaitzeko, energia sektorean agintzen duen oligopolioa eta urtez urte handituz doazen irabazi ekonomikoak salatu ditu Igartuak, “herritarren oinarrizko behar batekin ikaragarrizko etekin ekonomikoak eraginez”.