Bergarako Udala-k Az, 2025-03-05 09:42-n bidalia
Bergarako Udalak Kirol Zerbitzuko Ohorezko Abonatu Txartelaren 2025eko irabazleak iragarri ditu. Sari hauek Bergarako kirol arloan nabarmendu diren pertsonen ibilbidea eta ekarpena aitortzeko helburua dute.
Aurten, bost pertsona saritu dira euren kirol ibilbide eta ekarpenengatik:
• Carlos Telleria Viana: Bergara Oinez programaren irteera guztietan parte hartzeagatik eta kirolarekiko duen konpromisoagatik.
• Olatz Gabilondo Zenitagoia: Txirrindulari bergararra, Euskadiko eta Gipuzkoako elite mailako txapelduna, eta Laboral Kutxa taldean eta Urretxuko Zatika taldean izan duen ibilbide bikainagatik.
• Xabier Uribesalgo Bikuña: Kirolaria eta boluntarioa, Lokatza, Antxintxika eta Hankaluze taldeetan kirol sustapenerako egindako lanagatik.
• Elisa Arranz Cuellar: Agorrosingo kirol guneko erabiltzaile adintsua, astean hainbat aldiz kirola egitera joaten den eredu inspiratzailea.
• Andoni Calbano Osinaga: Atleta bergararra, inoizko euskal atleta azkarrena 200 metrotan, 2024ko Espainiako 4x100 txapelduna eta 2025eko estatu mailako rankingeko liderra pista estalian.
Sari hauen bidez, Bergarako Udalak herriko kirolari, entrenatzaile, sustatzaile eta boluntarioen lana eskertu nahi du, eta kirola bultzatzeko duten garrantzia azpimarratu.
Ohorezko Abonatu Txartela jasotzen dutenek urtebetez Agorrosingo kirol zerbitzuen doako sarbidea izango dute. Sari hau ez da soilik kirol lorpenengatik ematen, baita kirola sustatzeko eta komunitatean eragin positiboa izateko egiten den lanagatik ere.
Epaimahaia Olatz Manuel eta Kepa Sebal Bergarako Udaleko zinegotziek, 2024an saritutako Nerea Agirrezabal eta Ritxar de Goñik, eta Iñaki Ugarteburu Kirol Zerbitzuko buruak osatu dute. Hautaketa prozesuan hainbat irizpide hartu dira kontuan, besteak beste, kirol merituak, dedikazioa, genero berdintasuna, inklusibitatea eta kirol modalitatearen izaera minoritarioa.