Bergarako Udalak jakinarazi du datorren asteazkenean, otsailaren 5ean, Arrizuriagako parkeko zuhaitz bat botako dela. Sarrera nagusiaren ondoan kokatuta dagoen Indigaztaina (Aesculus hippocastanum espeziekoa) eraitsiko da, zuhaitza gaixo dagoelako eta erortzeko arriskua baitu.

Azken urteetan zuhaitzak usteldura nabarmenak garatu ditu eta Ganoderma onddoaren eraginpean dago. Zuhaitzak 18 metroko garaiera eta kopa handia ditu, eta horrek egonkortasuna are gehiago zailtzen du. Egoera horretan, ernetze garaia hasi aurretik botatzea beharrezkotzat jo da, hostoek ‘bela’ handia sortzen baitute eta haizeteekin enborraren haustura edo erorketa arriskua egon daitekeelako.

Erabaki hau Udalak agindutako parkeetako zuhaitzen azterketaren ondorioa da. Gabriel Iguiñiz zuhaitzetan adituak 2024ko azaro-abenduan aurkeztutako txostenean zehaztu zuen Arrizuriagako zuhaitz hau botatzea gomendagarria zela. Aurreko azterketa 2017an egin zen, eta ordutik hona zuhaitzaren egoerak nabarmen egin du okerrera.

Zuhaitza bota ondoren, bertatik aterako den egurra honela erabiliko da:
• Zati bat Gorlako eremuan utziko da ekosistema aberasteko eta espezie xilofagoak elikatzeko.
• Beste zati bat egur loteetan prestatuko da, eta eskaera egiten duten herritarrei banatuko zaie.