Bergarako Udala-k Az, 2025-01-15 15:10-n bidalia
Urte osoko iraupena izango duen ekitaldiz betetako egitaraua osatu da. Bisita gidatuak, erakusketa bereziak, tailerrak, mahai-inguruak, aurkezpenak, hezkuntza eskaintza berria, udako programa, musika, dantza eta hitzaldiak.
3.650 egun. Hamar urte. Hamarkada bat. 2015. urtean zabaldu zituen ateak Bergarako Laboratorium Museoak eta urtemuga berezia beteko du aurten. Urte osoko ospakizuna antolatu da, ekitaldi bereziz osatutako egitarau oparoarekin.
“10 urte zientziari ateak zabaltzen” lelopean ospatuko da urteurrena. Hori baita, funtsean Laboratorium Museoak, hastapenetatik, egin duena: gizarteari eta bisitariei zientziaren unibertsoko ateak parez pare zabaldu. Zientzia gizartera gerturatu eta gizartea zientzian murgildu. Horretan jarraituko du museoak aurrerantzean ere.
Irudi berrituarekin dator, gainera, hamar urte ez baitira egunero betetzen. Zientzia eta gizarteratzea sustraietan. Kontzeptualizazio horretatik eratortzen da irudi berria. Laboratorium Museoaren azal berriak, museoa zer den ondo jasotzen du. Iruditegi berrian islatuta dago guztia. Euskal Herriko zientziaren dibulgaziorako topagune nagusia da.
Bergarako Udalaren Laboratorium Museoa elkarlan eta sinergien emaitza da. Horrela hasi zen eta horretan jarraitzen du egun ere. Besteen artean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatea, Donostia International Physics Center (DIPC), UNED Bergara, Miguel Altuna Lanbide Heziketa, Euskal Herriko Unibertsitateko Ilustrazio zientifikoa edota Emakumeak Zientzian egitasmoa ditu bidelagun.
Urte osoko programa
Bisita gidatuak, erakusketa bereziak, tailerrak, mahai-inguruak, aurkezpenak, hezkuntza eskaintza berria, udako eskaintza, musika, dantza eta hitzaldiak. Denetarik barne hartzen du programak, urtarriletik abendura bitartean.
Urtarrilean eta otsailean egingo dira lehen ekitaldiak. Besteen artean, taula periodikoaren erakusketa, erakusketa iraunkorra eta Black Box-a. Urtarrilean egingo da zelula transgenikoak sortzeko tailerra, larunbat honetan hain zuzen, 11:00etatik aurrera. Izen ematea zabalik dago (laboratorium@bergara.eus edo 943 76 90 03). Adimen artifizialaren mahai ingurua eta emakume zientzialarien jardunaldiak ere egingo dira otsailean.
Jarraian, martxoan, erakusketa berria inauguratuko da, balearen modulua. Modulu hau iraunkorra bilakatuko da museoan. Balearen eskeletoaren digitalizazioa, Fernando Baptistarekin, National Geographiceko ilustratzailearekin, eta Aquariumarekin elkarlanean landu da. Eta, horrela, hilabetero-hilabetero ekintza bereziek hartuko dute lekua Laboratorium Museoan.
Gaurtik hasita, gainera, Laboratorium Sekretua atari digitala ere ipini da abian. Museoan topa daitezkeen fisika eta kimika instrumentuei buruzko plataforma digitala. Potentzial didaktiko handia duen jolasa da. Zientziaren historia ezagutzeko baliagarria da.
Laboratorium Sekretua museoetako digitalizazioan mugarria den tresna da. Erabiltzaileek museoan bertan dauden piezak ezagutu ahal izango dituzte jolasaren bitartez eta, aldi berean, zientziaren historiara gerturatu. Atari digitala ondorengo helbidean topatu daiteke: https://laboratorium-sekretua.eus/ .
Laboratorium Museoa
Euskaltzaletasuna eta unibertsaltasuna. Ekintzailetza eta ezagutza. Eraginkortasuna, gizartegintza eta jakinmina. Aurrerabidea. Hori eta gehiago da Errekalde jauregian kokalekua duen museoa. Euskal Herriko zientziaren sehasketako bat da, ondarea bildu, zaindu, ikertu eta ezagutzera ematen duena. Zientzia bildumen, kimikaren, fisikaren zein zoologiaren bitartez.
Hezkuntza zentroak, haurrak, gazteak, helduak zein familiak ditu egun bisitari. Erakusketak, programak, irteerak, tailerrak, udalekuak, eta abar. Helburua, gozamenaren bitartez zientziaren munduan barneratzea gizartea. Zientziaren mundua gertutik ezagutzea eta transmisioaren bitartekari bilakatzea. Erakusketa, bisita gidatu eta ekimen zehatzen bitartez.
Laboratorium Museoak Historic Site izendapena ere jaso du European Physical Society-ren eskutik. Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeari esker, 2018an, Laboratorium Museoa Europako zientziaren erakusleihoan ipini zuten. Estatuan aitorpena jasotzen duen hirugarren lekua da. Izendapenean museoak eta Bergarak dituen altxorrak nabarmendu zituzten, bertan dagoen ondare material eta inmateriala handia.
Bergara eta zientzia
Bergara eta zientzia eskutik doaz. XVIII. mendetik, gutxienez, berrikuntzaren aldeko apustua egin da Bergaran. Europan garai desberdinetan ematen ziren bide eta ideia berriekin bat egiteko nahia eta adorea izan du beti Bergarak.
Ondorioz, duela 250 urte, ilustratu talde batek proiektu berri bat sortu zuen, gerora Wolframa aurkitzeko aukera emango zuena. Eta horrela sortu zen hezkuntza eta ikerketa zentroa, Errege Seminarioa, bi mendeetan lurraldearen modernizazioa bultzatu zuena.
Wolframaren aurkikuntzak leku bereizgarri bat merezi du, izan ere, hori izan da Euskal Herrian, historian, aurkitu den elementu kimiko bakarra. Balentria handia da.
Seminarioko laborategietan elementu kimiko berri bat aurkitu zuten Elhuyar anaiek, wolframa. Lanean gogor aritu ostean, 1783an lortu zuten wolframa isolatzea. Eta wolfram izena eman zioten materia horretatik sortu zelako. Mundu mailan sona handiko aurkikuntza bilakatu zen. Erabilpen estrategiko handia duen elementua da.
Are gehiago, garai hartan, beste aurkikuntza garrantzitsu bat ere lortu zen Bergaran: platinoaren purifikazioa. Pierre François Chavenauk, irakasle eta ikertzaile frantsesak, platinoak eduki zitzakeen erabilpen anitzak igarri zituen, eta, horrek bultzatuta, ezpurutasunak kentzeko modu erraz eta eraginkorra aurkitzea lortu zuen. Horri esker, elementu kimiko honen masa puru eta xaflakorrez egindako lehenengo lingotea egin zuen Seminarioan.
Laboratorium Museoak, jakintza eta berrikuntza bultzatzeko bere ahaleginean, gizarteari teknologia aurreratuen eta etika arloko hausnarketaren inguruko ikuspegi zabala eskaintzen jarraitzen dihardu. Izan ere, museo hau ezagutza eta berrikuntzaren motor gisa ari da lanean. Historian zehar izandako ekarpen horiek gogoratuz, etorkizunera begira jarraitzen du, gizarte hobe eta jakintsuago baten alde lanean.