Bergarako Udala-k Al, 2024-11-18 13:50-n bidalia
Bergarako Udalak prentsaurrekoa eskaini du astelehen goizean Hezkidetza Programa berritzaile bat aurkezteko, harreman parekideak, hezkuntza afektibo-sexuala eta tratu onak sustatzeko helburuarekin sortua. Programa hau Bergarako Udalaren III. Berdintasun Planaren barruan kokatzen da, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna bermatzea eta indarkeria matxistari aurre egitea helburu duten neurriekin bat eginez.
Prentsaurrekoan zehar, Bergarako Udalak eskerrak eman dizkie programa hau garatzeko herriko ikastetxeetako arduradunei. “Zuen laguntzarik gabe, programa hau hankamotz geldituko zen”, adierazi du Ainhoa Lete alkateordeak, hezkuntza komunitatearen inplikazioa funtsezkoa dela nabarmenduz.
Programa honen helburu nagusiak berdintasunaren aldeko ikuspegia hezkuntza-komunitatean txertatzea, harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzea eta, batez ere, indarkeria matxistaren prebentzioan eragitea dira. Programak hezkuntza formalean eta ez formalean eragitea du xede, eta ikasle, irakasle, guraso nahiz herriko eragileak barne hartzen ditu.
Ekintza Zehatzak:
1. Ikastetxeetan esku hartzeak: Ikastetxeetan formazio saioak antolatuko dira, DBH eta Batxilergoko ikasleentzako saio misto eta ez mistoekin, genero estereotipoak desegiteko eta elkarbizitza positiboa sustatzeko.
2. Hezkuntza afektibo-sexualaren tailerrak: Ikasle, irakasle eta gurasoentzat antolatuko diren tailerrak, sexualitate eta afektibitate osasuntsua eta errespetuzkoa lantzeko, komunikazioa, adostasuna, eta mugak bezalako kontzeptuak sakonduko dituzte.
3. Gurasoentzako tailerrak: Gurasoei etxean hezkidetza lantzeko trebetasunak eskainiko zaizkie, eredu positiboak izan daitezen eta berdintasunaren aldeko diskurtsoa etxean ere sustatu dezaten.
4. Hezitzaileentzako formakuntza: Aisialdi eta eskola kirolean aritzen diren hezitzaileei genero ikuspegia eta indarkeria matxistaren prebentziorako tresnak eskaintzeko prestakuntza emango zaie.
5. Komunitate osoaren inplikazioa: Programa honek herriko eragileekin lankidetza bultzatzen du, mugimendu feminista eta berdintasunaren aldeko taldeekin elkarlanean, sentsibilizazio kanpainak eta ekintzak antolatuz.
6. Aholkularitza eta arreta zerbitzua: Berdintasun zerbitzuarekin koordinatuta, aholkularitza eta protokoloak aktibatuko dira beharrezkoa denean indarkeria matxistari aurre egiteko.
“Programa hau ez da soilik hezkuntzaren arloan aplikatuko, baizik eta Bergarako eguneroko bizitzan ere eragina izango du. Helburua da berdintasunaren aldeko jarrera proaktiboak sortzea eta harreman parekideetan oinarritutako gizartea eraikitzea, emakumeek eta gizonek eskubide berdinak izatea lortzeko eta indarkeria matxista desagerrarazteko urrats sendoak emateko”, adierazi du Letek prentsaurrekoan.
Horretarako, herritar guztien konpromisoa eta partehartzea ezinbestekoak dira. Horrela, Berdintasun Sailak deialdi berezia egiten die herritarrei ekimen honetan aktiboki parte har dezaten. Proiektua aurrera ateratzeko aurrekontua 45.000 eurokoa izan da.