Sekulako erronka etiko eta moralak sorrarazten ditu gaur egun adimen artifizialak (AAk), eta etorkizunean ere sorraraziko ditu. Galdera horri erantzuteko, Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak ‘BlackBox_’ adimen artifizialari buruzko modulu esperimental aitzindaria aurkeztu dute astearte honetan, Caja Navarra eta La Caixa Fundazioarekin elkarlanean eta Universitat de Barcelona, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, ‘Enpresare’ elkartearen eta beste hainbat eragileren laguntzarekin.

Erakusketa berritzaile hau Bergaran ospatzen diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldien baitan kokatzen da. Izan ere, urriaren 21a eta azaroaren 16ra bitartean, aurkezpenak, erakusketak, hitzaldiak edota tailerrak ospatuko dira Bergaran Adimen Artifizialaren gaia oinarri hartuta. Proiektu hau Javier Tejada fisikari eta zientzialariak eta Norbert Bilbeny etika katedradunak asmatutako proiektua da. Horiek, Indissoluble enpresaren eskutik, kutxa beltz hau elikatu dute.

‘BlackBox_’ erakusketaren aurkezpenean, Gorka Artola Bergarako alkateak hainbat galdera mahaigaineratu ditu: “Gaur egungo munduan, adimen artifizialak gure bizitzak eraldatzeaz gain, sakonera handiko erronka etiko eta moralak planteatzen dizkigu. Erronka horiek galdera erabakigarri bat egitera garamatzate: konfiantza izan dezakegu makinek hartzen dituzten erabakietan? Ba al dago ezberdintasunik gizakiok eta adimen artifizialak hartzen ditugun erabakietan?”.

Galdera horiei erantzun asmoz, erakusketa osatzen duten lau aldeek erabiltzaileei konektatzeko eta parte hartzeko aukera ematen diete. Modulu horietan, Herritartasuna, Egunerokotasuna, Jasangarritasuna eta Industriaren inguruan hausnartzea proposatzen da. Erakusketa datorren urteko otsail erdira arte bisitatu ahalko da.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, “Debagoienako eskualdeak eta Bergarak bereziki, izen propioa du munduko panorama zientifikoan, eta, lurralde gisa, behartuta gaude ez bakarrik historiako mugarri zientifiko batzuetan dugun papera ezagutzera, baizik eta balioestera eta munduari ezagutzera ematera. Bergara, bere historia eta ondare aberatsarekin, iraganaren eta etorkizunaren arteko topagunea da, ezagutza eta jakin-mina elkartzen diren tokia. Laboratorium museo honek hemendik igaro diren pentsalari eta sortzaile handien ondarea ezagutzeko eta haien ekarpenek gure gizartean nola eragin duten ikusteko aukera ematen digu”.

Dominguezek aipatutako ezagutza hori azalarazteko asmoz, ZTB-k egitarau oparoa eskainiko du, Adimen Artifiziala oinarri hartuta. Aurtengo ‘izarra’ otsailaren 16ra arte iraungo duen ‘The Black Box (Kutxa Beltza)’ erakusketa izango da. Black Box erakusketa-modulu bat da, eta, adimen artifizialaren bitartez, harekin interaktiboki aritzera eta hari buruz hausnartzera: zein eginkizun duen gure munduan, zein aukera handiak dituen, bai eta zeintzuk diren bere arrisku potentzialak ere. Erakusketa hau aitzindaria da eta Bartzelonako Unibertsitatearekin eta Enpresare elkartearekin lankidetzan sortu eta Bergaran inauguratuko da lehen aldiz.

Jardunaldi hauek komunitate zientifikoaren, enpresa sektorearen eta hezkuntza erakundeen elkarlanaren fruitua dira, eta, besteak beste, arlo ezberdinetako profesionalak zein herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleak izango dira protagonistak.

Horren harira. Zientziaren dibulgazioan jarri dute arreta bertaratutakoek, izan ere, ZTBren programaren puntu nagusietako bat Hezkuntza Eskaintzan oinarritzen da. Zientziaren alor ezberdinak modu erakargarrian erakutsi nahi dituzte antolatzaileek, eta horretarako eskaintza gehitu dute programaziora.

Programazio osoa ezagutzeko: https://www.ztbergara.eus/