Bergarako Udala-k Ar, 2024-10-15 08:39-n bidalia
Adimen Artifizialaren aukerak, digitalizazioa edota gazteen esperientziak uztartuz, Bergaran ospatzen diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldiek hamargarren edizioa ospatuko dute datozen asteetan. Izan ere, urriaren 21a eta azaroaren 16ra bitartean, aurkezpenak, erakusketak, hitzaldiak edota tailerrak ospatuko dira Bergaran.
Egitaraua aurkeztu asmoz, Bergarako Udaleko zein elkarlanean aritu diren eragile ezberdinetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute Laboratorium Museoan. Bertan, Bergarak historian zehar zientziarekin eta haren dibulgazioarekin izan duen harreman estua gogorarazi dute aurkezpeneko partehartzaileek.
Aurtengo ‘izarra’ azaroaren 5ean inauguratuko den eta otsailaren 16ra arte iraungo duen ‘The Black Box (Kutxa Beltza)’ erakusketa izango da. Black Box erakusketa-modulu bat da, eta, adimen artifizialaren bitartez, harekin interaktiboki aritzera eta hari buruz hausnartzera: zein eginkizun duen gure munduan, zein aukera handiak dituen, bai eta zeintzuk diren bere arrisku potentzialak ere.
Erakusketa hau aitzindaria da eta Bartzelonako Unibertsitatearekin eta Enpresare elkartearekin lankidetzan sortu eta Bergaran inauguratuko da lehen aldiz.
Ainhoa Lete alkateak nabarmendu duenez, “askotan azpimarratzen dugu garrantzitsua dela Ezagutza gizartera zabaltzea. Azken finean, ZTB horixe bera da: ezagutza "demokratizatzea" eta herritar guztiei modu ulerterrazean eta erakargarrian partekatzeko aukera ematea. Bergararren eta gizarte osoaren aurrean ditugun erronkei aurre egiteko, ezagutza eta elkarlana funtsezkoak dira”.
Jardunaldi hauek komunitate zientifikoaren, enpresa sektorearen eta hezkuntza erakundeen elkarlanaren fruitua dira, eta, besteak beste, arlo ezberdinetako profesionalak zein herriko ikastetxe ezberdinetako ikasleak izango dira protagonistak.
“Ekimen honen helburua da sormena eta lankidetza indartzea, baita ezagutza trukatzeko espazio bat sortzea ere. Gure asmoa da gazteak bultzatzea arlo zientifiko eta teknologikoetan garapenak lortzera”, gaineratu du Letek. Horren harira. Zientziaren dibulgazioan jarri dute arreta bertaratutakoek, izan ere, ZTBren programaren puntu nagusietako bat Hezkuntza Eskaintzan oinarritzen da. Zientziaren alor ezberdinak modu erakargarrian erakutsi nahi dituzte antolatzaileek, eta horretarako eskaintza gehitu dute programaziora.
Kontsultatu egitaraua hemen