Bergarako Udala-k Og, 2024-07-18 09:09-n bidalia
Bergarako Basalgo auzoko Albitxuko ur tratamendu plantan egindako lanen ostean, Bergara baliabide hidriko propioak erabiltzen hasi da, eta, horren ondorioz, herriguneko etxe guztietara iristen den ura Pol Poleko iturburutik iristen hasi da Urkulutik izan beharrean.
Albiste honen berri eman dute asteazken honetan Gipuzkoako Ur Partzuergoko eta Bergarako Udaleko ordezkariek. Arrazoia argia da: momentu honetara arte, bailara osoak Urkuluko urtegitik jasotzen zuen ura, eta, bertako baliabideak mugatuak direla jakinik, beste irtenbide batzuk aztertzeko hautua egin dute bi aldeek. Horretarako, Urkulu eraiki aurretik bergara hornitzen zuen Albitxuko ur tratamentu plantan hainbat lan egin dituzte instalazioak gaur egungo kalitate eta segurtasun estandarrak bete eta martxan jarri asmoz.
Izan ere, Bergarak badu iturburu bat Pol Polen kalitate altuko ura eskaintzen duena. Pol Poleko iturburuko uren hartunetik Albitxura ura iristeko, 7 km-ko hodi bat dago, eta, behin Albitxun tratatu ondoren, 2.200.000 litroko ahalmena daukan ur depositoan almazenatzen da ura. Albitxuko planta berrituaren gaitasuna 30 litro/segundukoa da.
Erabaki honek, gainera, bergararrek Urkulurekiko zeukaten dependentzia erabat murriztu eta autonomia hidrikoan jauzi bat ematea eragin du, beharren arabera Urkuluko eta Pol-Poleko urak sarean sartzeko aukera emanez eta bergararren ur-hornidura hobetuz.
Horretarako, Ur Partzuergoak lanen lehen fasea bukatu du aipatutako instalazioak berriz martxan jartzeko, eta bigarren fasean lanean hasi dira dagoeneko. Guztira, 350.000 euro inguruko inbertsioa suposatuko dute lan hauek.