2024KO PENTEKOSTE JAIETAN, SAN MARTIN PLAZAN UDALAK JARRIKO DUEN TXOSNAREN USTIAKETAREN ADJUDIKAZIOA ARAUTUKO DUEN BALDINTZA-PLEGUA

ESKAERAK HEMEN AURKEZTU: HEMEN

 

LEHENENGOA.- 2024ko maiatzaren 17, 18, 19, 20 eta 21ean San Martin Agirre plazan txosna bat jarriko du udalak. Interesdunek txosna ustiatzeko eskaera egin ahal izango dute.

BIGARRENA.- Bergarakoak izan eta irabazi asmorik ez duten kultur edo kirol elkarteek, herri-taldeek eta ongintzako elkarteek aurkez ditzakete eskaerak, lehentasuna izango dutelarik kultura, kirola, hezkuntza edo irakaskuntza eta ongintza helburu dituzten herriko taldeek.

HIRUGARRENA.- Interesatuek plegu honi eransten zaion inprimakia erabilita aurkeztu behar dute eskaera, taldeak edo elkarteak izendatutako ordezkariak izenpetua, honek ordezkatuko baitu taldea udalaren aurrean.

Adinez nagusia den eta jarduteko gaitasun osoa duen pertsona batek sinatu beharko du eskaera.

Entitate, elkarte edo taldea adinez txikiak direnek osatzen badute gehiengoz, hauen ordezkari legalak –honetarako izendatutako ahalmen osoa duen pertsonak– aurkeztu beharko du eskaera.

Halako akordiorik ziurtatu ezean, ulertuko da txosnaren jardueraren erantzukizun osoa eta baldintzak betetzearen erantzukizuna eskatzaileak berak hartzen dituela bere gain; gehienak adinez txikiak direnekin osatutako elkarte, entitate edo taldeen kasuetan izan ezik, non eskaera baztertu egingo da.

LAUGARRENA.- Instantziak aurkezteko epea apirilaren 23an, 12:00etan bukatuko da eta udaletxeko B@Z zerbitzuan aurkeztu beharko dira.

BOSGARRENA.- Eskari bat baino gehiago balego, zozketa egingo da, udaletxeko Idazkaritzako bulegoan, apirilaren 23an bertan, 14:00etan.

Eskaera aurkeztu dutenen artean egingo da zozketa; eta aurkeztutako taldeen artean lehentasuna izango dute kultura, kirola, hezkuntza edo irakaskuntza eta ongintza helburu dituzten herriko taldeek.

SEIGARRENA.- Zozketan onuradun ateratakoek bere gain hartu beharko dituzte Bergarako jai nagusietan eta auzoetako jaietan txosnen instalakuntza arautzen duen Udal Erregelamenduan ezarritako betebehar guztiak (1993ko uztailaren 26ko Osoko Bilkuran onartua eta 1993ko abuztuaren 20ko GAOn argitaratua, eta 1996ko martxoaren 4an Udal Osoko Bilkurak onartutako eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 1996ko apirilaren 2an argitaratutako aldaketarekin) edo/eta plegu honetan jasotakoak, zehazki:

1.- San Martin plazako txosna kudeatzea.

San Martin plazako txosna arratsaldeko 19:30ean irekiko da eta maiatzaren 21eko gaueko 24:00ak arte ustiatu ahal izango da, eta txosna eta txosna-gunea utzitako baldintza berdinetan bueltatu beharko da, txosna-gunea libre utzi beharko delarik maiatzaren 22ko arratsaldean.

Udalak jarriko duen txosnatik aparteko bestelako instalazio edo eranskinik beharko balu, beren kontura muntatu eta kendu beharko dute, eta aurrez okupazioa zelakoa izango den Udalean jakinarazi eta Udalaren baimena jaso beharko dute. Instalazio horiek ere txosna-gunea husteko epe berean kendu beharko dituzte.

2.- Gutxienez honako ordutegian zabalik egon beharko da, eta edozein kasutan egunero 03:00etarako itxita egon beharko da:

  • Ostirala, maiatzak 17: 19:30erako irekiko dute, eta 20:30etik kontzertua amaitu arte (2:30 +/-) zabalik.
  • Larunbata, maiatzak 18: 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik kontzertua amaitu arte (01:00 +/-)
  • Igandea, maiatzak 19: 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik kontzertua amaitu arte iluntzean (23:30 +/-)
  • Astelehena, maiatzak 20: 14:00etatik herri bazkaria bukatu eta dena jaso arte.
  • Asteartea, maiatzak 21: 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara.

3.- Plazan Udalak antolatutako ekitaldiak dauden momentuetan ez da musikarik jarriko txosnan.

Gainera, beranduen ere musika goizeko 03:00etarako kenduko da Udaltzaingoak lehenago kentzeko agindua emango ez balu, eta goizeko 11:00ak baino lehen ezingo da berriz jarri. Astearte gauean, maiatzaren 21ean, berriz, beranduenera gaueko 24:00etarako kendu beharko da musika.

4.- Beste batzuk:

  1. Adin txikikoei alkohola ateratzea debekatuta dago eta betebehar hau betetzen dela bermatu beharko da.
  2. Ez txosna-gunean ez txosnan bertan ez da pertsonarik/talderik irainduko duen kartelik/irudirik jarriko, eta norbaitek jartzen badu berehala kentzeaz arduratuko da.
  3. Ez txosna-gunean ez txosnan bertan ez da irudi/esaldi matxistarik duen kartelik jarriko, eta norbaitek jartzen badu berehala kentzeaz arduratuko da.
  4. Udaleko Berdintasun sailetik argitaratutako kartelak leku ikusgarrian jarriko dira txosnetan.
  5. Txosna-gunean eta txosnan bertan jendaurrean jartzen diren kartelak eta bestelako informazioak gutxienez euskaraz jarri beharko dira, edo behar denean euskaraz eta gaztelaniaz, euskarari lehentasuna emanda. Testuak euskaratzeko laguntza behar izanez gero Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuan laguntza jaso dezakete, gutxienez astebeteko aurrerapenarekin eskatuta.

Horrez gain, eta erabiltzaileekiko ahozko adierazpenetan ere euskara erabiliko da ahal den guztietan, eta txosnan jartzen den musikari dagokionez, gutxienez % 75 euskaraz jarri beharko da.

  1. Ustiatzaileak antolatu duen gainean egindako publizitatean (kartelak, esku programak….) Bergarako Udalaren laguntza duela adierazi beharko du.
  2. SGAErekin dauden betebeharrak gestionatu beharko ditu, eta ordainketarik balego, ordaindu.

ZAZPIGARRENA: Bergarako Udalak txosna-gunearen kudeaketarako honako hauek hartuko ditu bere gain:

  1. San Martin plazan behar den ingurua txosna-gune gisa erabiltzeko lagatzea, eta ondorioz lekua gordetzea 2024ko maiatzaren 16tik maiatzaren 22ra .
  2. Txosna inguruan komunak jartzea.
  3. Txosnetarako beharrezkoa den argindar zein ur hartuneak muntatu eta gastua bere gain hartzea (Maiatzaren 16ean, arratsaldeko 15:00etarako argindarra izango dela bermatzea beharrezkoa da. Deskonexioa maiatzaren 22an 20:00etan). Udalak elektrizitate zein iturgin arduradunekin egin beharreko gestioak egitea.
  4. Edalontzi berrerabilgarriekin egin beharko da lan, derrigor. Behar izanez gero udalak baditu eta Kultur Zerbitzuan jaso ahal izango dira. Garbiketa egin behar dela-eta, dagokion kostua ordaindu beharko da (Kultura Departamentuan emango da zenbatekoa den datua); eta bestalde, bueltatu ez den edalontzi bakoitzeko euro bat ordaindu beharko da.
  5. Sortzen diren hondakinak ongi sailkatuta biltzen direla ziurtatu beharko da.

Bestelako eskaerarik ez badago, udalak ontzi arinak eta papera biltzeko edukiontziak jarriko dizkie eskura eta adjudikazio-hartzailea arduratuko da betetako ontziak udalak antolatutako hondakinak jasotzeko guneetara jarritako ordutegian eramateaz.

ZORTZIGARRENA.- Ustiatzailea suertatzen den taldeak honako hauek bete dituela egiaztatuko ditu maiatzaren 10a baino lehen:

  • 375 euroko fidantza jarri duela.
  • Bergarako Pentekoste jaietan San Martin plazan jarritako txosnaren jarduerak eragin ditzakeen arriskuak eta txosnak berak sortu ditzakeen arrisku eta kalteak babesteko, Erantzukizun Zibilaren poliza –240.404,84 euroko gutxieneko kapitalarekin– kontratatu izanaren agiria.

Halaber, maiatzaren 13ko 13:00ak baino lehen, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

  • Adjudikazio-hartzaileak egun guztietan eta une oro harremanetarako ordezkari bat edo gehiago izan beharko du, ordezkari hau/ek txosna jarrita dagoen egunetan lokalizatzeko moduan egongo da/dira, eta horien berri emango du datu guztiekin eta telefono zenbaki eta helbide elektronikoekin (Udaltzaingoan eta udalean).
  • Gehiengoz adinez txikiak direnek osatzen duten talde edo entitateak txosna jartzeko baimena izan badu, honako hau ere aurkeztu beharko du:

Eranskinean jasotako ereduari zehatz-mehatz jarraituz, ordezkari legalak sinatutako dokumentua. Bertan adieraziko du berak ordezkatzen duenak txosnan lan egiteko baimena duela eta instantzia aurkeztu duena ordezkari izendatu duela hirugarren baldintzan jasotako eraginetarako.

Goian aipatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, udalak ez du baimenik emango eta ezin izango da instalazioa zabaldu.

BEDERATZIGARRENA. Ustiapen-eskubidea-

Adjudikazio-hartzaileak ezin izango du ustiapen-eskubidea beste edozein talde, elkarte edo abarri laga edo zeditu.

Interesik ez balu, 2024ko apirilaren 26a baino lehen Bergarako Udalari idatziz jakinarazi beharko lioke, eta honek zozketan erreserbarako atera denari adjudikatuko dio.

ERANSKINA

TXOSNA IREKITA EGON BEHARREKO GUTXIENEKO ORDUTEGIA

Ostirala, maiatzak 17

19:30erako eta

20:30etik kontzertua amaitu arte (2:30 +/-).

Larunbata, maiatzak 18

12:00etatik 15:00etara

18:00etatik kontzertua amaitu arte (01:00 +/-)

Igandea, maiatzak 19

12:00etatik 15:00etara

18:00etatik kontzertua amaitu arte (23:30 +/-)

Astelehena, maiatzak 20

14:00etatik herri bazkaria bukatu eta dena jaso arte

Asteartea, maiatzak 21 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 22:00etara

Ordutegi hau hobeto zehaztuko da jaietako egitarauaren arabera.