Bergarako Udala-k Og, 2024-03-14 13:55-n bidalia
· Lete eta Azkargorta zinegotziek “Bergarako Elikadura Mahaiak heldu zion azoka biziberritzeko ardurari, eta eragile desberdinen konpromiso, dedikazio eta sormena” balioan jarri dituzte ekitaldian.
Bergarako Udalak IV. Landaola Saria jaso du Erakunde Publikoen sariaren atalean, Oxirondo azoka biziberritzeko asmoaren baitan ‘Elikaenea’ proiektua bultzatzeagatik. Usurbilgo Sutegi aretoan ospatutako ekitaldian, Ainhoa Lete eta Markel Azkargorta zinegotziek ‘Elikaenea’ moduko proiektu batek piztutako ilusioa eta interesa” nabarmendu dituzte beren hitzartzean.
Landaola Sariak Federazioa osatzen duten sei elkarteen eskutik emandako urteroko sariak dira. Sariak landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmoz sortu ziren. Sariak lau ataletan ematen dira: erakunde publikoa, erakunde pribatua, landa eremuko emakumea eta ibilbidea. Sari hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa daukate.
Lete eta Azkargortaren iritziz, “emozio eta esker oneko momentua da hau guretzat. Oxirondo azoka biziberritzeko herri proiektuak, eta horretarako muina izango den Elikaenea proiektuak sari hau jasotziak ilusio berezia egiten digu. Mila esker epaimahaiari proiektu honen balioa eta garrantziaren aitortza honegatik. Sari honek indarberritu egiten gaitu eta pizgarri ederra izango da lan talde guztiarentzat azokaren eta lehen sektorearen baldintzak hobetzen jarraitzeko”.
Landaola Federazioaren aburuz, Bergarako Oxirondo azoka biziberritzea du helburu Elikaenea-k. Azokaren beheko solairuan eremu zabal bat hartuko du eta, besteak beste, sukalde komunitarioa eta bertako ekoizleen produktuak erosi ahal izateko denda bat egongo dira. Elikaduraren subiranotasuna, ordutegi malguak, kalitatezko elikagaiak, sentsibilizazio jarduerak eta jantokietarako hornidura ardatz dituen ‘azoka garaikidea’ sustatu nahi du Elikaeneak.
Letek azaldu duenez, “guzti hau 2021ean egindako azoken hausnarketa konpartitu hartan hasi zen. Garai hartan, modu paraleloan Bergarako Elikadura Mahaia sortu zen. Elikadura burujabetzan sakondu eta bertako produktuen ekoizpen zein kontsumoan eragiteko zeregin eta ardurak bere eginda hasi zen lan taldea martxan. Elikadura kate osoak sortzen zizkigun kezkari irtenbideak topatzeko herrian elkarlan marko bat sortu genuen. Norabide honetan, eta elkarlan publiko-komunitarioa oinarri hartuta, azoka biziberritzeko proiektua lantzen aritu da lan taldea ordutik”.
Ideia horri jarraituz, “Elikaenea proiektua ezinezkoa izango litzateke alboan daukagun eta izan dugun lan talde barik. Lehen aipatu dudan moduan, herri proiektu gisa ulertu dugu hasieratik. Bergarako Elikadura Mahaiak heldu zion azoka biziberritzeko ardurari, eta eragile desberdinen konpromiso, dedikazio eta sormena balioan jarri nahiko nituzke momentu honetan”.