Bergarako Udala-k Or, 2024-01-26 08:34-n bidalia
Legegintzaldiko lehen Aurrekontuak aste honetan onartu ostean, Bergarako Udaleko gobernu taldeak hurrengo urteetarako helburu eta erronkak aurkeztuko ditu datorren asteartean, urtarrilaren 30ean, 18:30etik aurrera Seminarixoan ospatuko den ekitaldi publiko batean.
Etorkizunari imajinazio komunitariotik erantzungo dion Bergara aktiboa lortu nahi du Udalak, eta, helburu horretarako, bost erronka nagusi eta ekintza zehatzak zehaztu dituzte. Besteak beste, Arnasguneak, Euskara, Zaintza eta Bakardadea, Etxebizitza eta Komertzioa eta Alde Zaharra izango dira plan berri honek jorratuko dituen lehentasun nagusiak.
Ekitaldira hurbiltzeko herriko elkarte eta eragileei bidalitako gonbidapenean, Gorka Artola alkateak aipatu du Bergara erronkaz beteriko herri bat dela, “eta Bergarako Udaletik horietako askori erantzuna emateko prest gaude. Imajinaziotik, kolektibotasunetik eta zentzuz Bergara hobea eraiki nahi dugu, eta, helburu horretan, bergarar guztiak ezinbestekoak izango gara”.
Legealdi Plan hau azken hilabeteetan udal gobernuko kideek eta udal teknikariek burututako prozesuaren ondorioa da, eta bertan bergararren iritzi ezberdinak kontutan hartu dira. Horretarako, udal gobernuko kideak kalean herritarrei elkarrizketak egin zizkieten beren kezkak jasotzeko asmoz. Bertan, hiru maila ezberdinetako erronkak zehaztu dituzte bergararrek, esaterako, herriaren erreferentzialtasuna, etxebizitza, lan mundua edota garraio publikoa.