Urte hasieran udalarekin elkarlanean arlo sozialeko lanketa abiatu zuten Mariaren Lagundia ikastolako ziklo formatiboetako ikasleek. 65 urtetik gora dituzten eta bakarrik bizi diren herritarrekin hitz egin eta egoeraren diagnostiko bat osatu dute gazteek eta, orain, proiektu batzuk diseinatu dituzte lanketarekin jarraitzeko.

Hainbat ekimen osatu dituzte, horien artean, “Autoezagutza Mizpirualde egoitzako emakumeekin”. Egoitzan bizi diren emakumeei zuzendutako proiektua da eta norberak bere burua ezagutzea du abiapuntu. Proiektuetako beste bat da belaunaldien arteko irratsaioak egitea. Ikasleek diagnostikoan antzeman zuten arratsalde-iluntze garaia dela adineko herritarrek bakardade gehien sentitzen duten garaia, eta sasoi horretarako irratsaioak prestatu nahi dituzte. Bi horiek irailean martxan jartzeko aurreikuspena dute. Horrez gain, beste bi proiektu ere diseinatu dituzte, emakumeei zuzendutako ahalduntze guneak sortzea du helburu batak; eta Osintxuko adineko pertsonei zuzendutako arreta hobetzea, besteak.

Hasieratik ekimenaren helburua izan da pertsona edadetuei ahotsa ematea, oso garrantzitsua baita kolektibo horren barruan dauden egoera ezberdinak mahai gainean jartzea. Era berean, ikasleentzako erronka oso polita, interesgarria eta aberatsa da. Etorkizuneko profesionalak sortzen ari gara, zeinak kolektibo honen arretan lan egingo duten; eta esperientzia honek asko jantziko ditu.