Aurtengo udarako ere haur eta gaztetxoei zuzendutako aisialdirako eskaintza prestatu du Bergarako Udalak. Askotarikoak dira proposamenak, guztiak ere herrian egiteko, eta euskaraz. Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberrik azaldu duenez, “kalitatezko eskaintza osatzen ahalegindu gara. Iaz genionaren ildotik, uste dugulako herritarrek, eta kasu honetan haurrek eta gaztetxoek, hori behar eta merezi dutela. Berrikuntza bat ere badakar aurtengo eskaintzak, izan ere arte udalekuetarako eskaintza gehitu diogu, BEARTen bitartez”.

Aranberrirekin batera egon dira aurkezpenean Laboratorium Museoko arduradun Rosa Errazkin, Kirol Zerbitzuko arduradun Iñaki Ugarteburu, Gazteria eta Hezkuntza teknikari Nagore Narbaiza eta arte udalekuetako Mayra Jimenez.

Aranberrik eskaintza askotarikoa eta ahalik eta zabalena izatearen garrantzia nabarmendu du. “Haurrentzat eta gaztetxoentzat, haien garapenerako garrantzitsua baita, modu ludikoan ikastea, harremanak lantzea, eta nola ez, aldi berean ondo pasatzea. Udalekuetan, egunerokoan ezagutzen ez dituzten pertsonekin harremanak lantzeko aukera dute, jolasaren, kirolaren edo bestelako jardueren bitartez. Eta bestetik, egunerokoan haien ikaskide direnekin ere bestelako harremanak lantzeko”, esan du.

Herrian gisa honetan egingo den eskaintza bakarra da hau. Elkarlanean osatutakoa da, eragile desberdinen ekarpenekin. Esaterako, herriko ikastetxe guztiek, azken bi urteetan hasitako bideari jarraituz, haien azpiegiturak jarriko dituzte eskura.

Haiek dituzten behar eta nahi desberdinei erantzuteko eskaintza da aurtengoa, esan bezala. Hala, kirola, aisia, zientzia, jolasa eta beste eskainiko dira. Eta herriko gune desberdinetan: Agorrosinen, Laboratoriumen, BEART-en, ikastetxeetan, esaterako.

Nagore Narbaizaren hitzetan, “udaleku irekiak aukera paregabea dira Bergarako ume guztiak elkartu eta euskaraz, aisialdi hezitzaileaz gozatu dezaten”.

2011 eta 2018 urte artean jaiotako haurrei zuzenduta daude.

Bi eskaintza daude: Ekainaren 26tik uztailaren 14ra (3 aste aukeratuz gero) eta ekainaren 26tik uztailaren 21era (4 aste aukeratuz gero). 10:00etatik 13:00etara.

Izena emateko epea: apirilaren 19tik maiatzaren 7ra (biak barne). Internet bidez, udaletxean eta liburutegian.

Kirolari lotuta hainbat gauza proposatzen dira, Iñaki Ugarteburuk azaldu duenez: 

Kirol kanpusa: Udako oporretan, kanpoko kirol ekintzetan oinarritutako kanpusa. Bizitza aktiboa eta osasuntsua sustatzea da helburua. Hasiera batean, Agorrosin gunean zentratuko da nagusiki, baina eguraldiaren arabera beste gune batzuetara mugitu daiteke. Tenisa, beisbola, hockeya, badmintona, boleibola, natur jarduerak, ur jolasak... eskainiko dira. Taldearen kirol eskaerekin malguak izango gara.

2010 eta 2014 urteen artean jaiotakoei zuzendutakoa da.

Bi aukera egongo dira: ekainaren 26tik uztailaren 14ra (3 aste aukeratuz gero) edo ekainaren 26tik uztailaren 21era (4 aste aukeratuz gero). 10:00etatik 13:00etara egingo dira jarduerak.

Izen-ematea webgunean eta Agorrosinen.

Udako igeriketa kanpaina: 2011 eta 2019 urteen artean jaiotakoentzat.

Bi txanda egongo dira: ekainaren 26tik uztailaren 7ra, lehena. Uztailaren 10etik 21era bigarrena.

Gazteentzako uda kirol kanpaina.

2005 eta 2011 urteen artean jaiotakoentzat. Ekainaren 26tik uztailaren 21era multi training (aretoko txirrindua, krosfit…), aretoko txirrindua eta padela egiteko aukera izango dute gaztetxoek.

Izen-ematea webgunean eta Agorrosinen.

Liburutegia Agorrosingo kanpoko igerilekuan egongo da ekainaren 27tik uztailaren 27ra.
Aurten arte udalekuen aldeko apustua ere egin du Udalak, BEART-en eskutik, ekainaren 26tik uztailaren 21era 10:00-13:00 ordutegian marrazketa, mural margoketa, koadroa, akuarela, ikus-entzunezkoak… garatzeko aukera paregabea izango dute 2007-2014 bitartean jaiotakoek. BEARTeko kide Mayra Jimenezek eman du eskaintzaren berri.

Laboratorium Museoak, Rosa Errazkin arduradunak azaldu duenez, 9 jarduera eskainiko ditu haur eta gaztetxoentzat udan. Kanpus teknologikoa izan ezik, gainontzeko jarduera guztiak dohainik izango dira:

1.    Fosilen erreplikak. Paleontologiaren mundua haur eta gazteei hurbiltzeko ahaleginean tailerra egingo da uztailaren 1ean, 11:00etan. 5-12 urte.

2.    Kamishibaiaren hegaldia. Mattin ilustratzaileak SEO/BirdLiferekin batera sortutako ipuuina gure ingurunean gertatzen denaz ohartarazteko, jatorri japoniarra duen kontaketa grafikoa erbiliko dute. Uztailaren 3an 11:00etan.  Familiei zuzenduta.

3.    Zientziaren sukaldea. Kimikako hainbat esperimenturekin gure ingurunean zein gure barnean gertatzen diren aldaketak ikasiko ditugu, zientzia egunerokotasunera hurbilduz. Uztailaren 4an, 10:30ean. 8 eta 12 urte bitartekoentzat.

4.    Ur azpiko indusketa arkeologikoa. Uluburu itsasontzian ur azpiko indusketa arkeologikoa. Duela ehunka urte hondoratu zen itsasontzi bat arkeologikoki induskatzeko aukera egongo da.  Uztailaren 6an, 09:00etan eta 12:00etan. 8 eta 12 urte arteko haurrentzat.

5.    Gure bizilagunik onenak. Saguzarrak hobeto ezagutzeko jarduera. Uztailaren 6an, 21:00etan. Familiei zuzendutakoa da. Ekintzen gidaritza Naturtzaindia Elkarteko kideen eskutik egingo da, 'Mendiak Bizirik' elkartearen Iaguntzarekin. Familiei zuzenduta.

6.    Astronomia: udako zerua ezagutzen. Udako zeruan dauden konstelazio nagusiak ikasteko tailerra, bukatutakoan Gorlara joango gara ikastitakoa praktikan jartzera teleskopioekin. Uztailaren 14an 19:00etan. Familiei zuzenduta.

7.   Ilustrazio zientifikoko tailerra: polinizatzaileak. Ezagutzen ez denak ez duela axola dirudi. Beraz, ezagutza behar da polinizazioak eta polinizatzaileek ingurumenean duten garrantziaz jabetzeko eta horiek babesteko jarrera aktiboa garatzeko. Marrazketa tresna ezin hobea da horretarako. Uztailaren 17an, 10:00etan. 6 eta 12 urte bitartekoentzat.

8.    Ornitologia hastapen tailerra. Ornitologiaren mundua ezagutze hasteko aukera paregabea. Hegazti ohikoenak ezagutzen ikasteko jolasak eta hainbat tresna erabiltzeko orientabideak: prismatikoak, landa koadernoak, etab… Uztailaren 19an 10:00etan. 6-12 urtek haurrei zuzenduta.

9.    Kanpus teknologikoa. Gaitasun teknologikoetan trebatzeko kanpus teknologikoa. 3D diseinua, 3D inprimaketa, mekanizazioa, mekanika muntaiak, zirkuitu elektronikoak... Pentsamendu logikoa eta arazoen konponbidea sustatzen ditugu. Kanpusa Miguel Altunaren gidaritzapean eskainiko da.  Astebeteko tailerra. Uztailaren 3tik 7ra. 12 urtetik gorako gaztetxoentzat.

Izen-ematea eta informazio gehiago www.laboratorium.eus webgunean