Azoka biziberritzeko proiektu bat lantzen ari da Bergarako Udala orain dela bi urte hainbat eragilerekin. Oxirondoko azoka Bertako produktua eta lehenengo sektorea erdigunean jarriko dituen topagune bat izatea da helburua. Ainhoa Lete alkateordeak azaldu duenez, “kokagune bat eman nahi diogu lehenengo sektoreari eta bertako produktuari, eta astean zehar gainbeheran dagoen egoera horri buelta bat eman, eskaintza osatu eta eskaintza iraunkor bat sortu. Salmenta guneaz harago, topagune izatea da helburua. Sentsibilizazio eta formazio espazio bat ere edukiko du, eta koordinazio guztia bertatik eramango da. Erreferentziazko gune bat izatea nahi dugu”.

Hori gauzatzeko eraikina moldatu egin behar da. Zehazki beheko solairuan egingo dira lanak.  Maiatzean hastea eta sei hilabetetan amaitzea aurreikusi da. Jarduketa honekin, azokara sartu eta gaur egun eskuma aldean dauden postu finkoak gune bakar bihurtuko dira, espazio zabal bat sortuz. Bertako produktuak saltzeko gunea sortuko da, ostalaritza zerbitzua egongo da eta baita prestatutako janaria ere. 

Lanak egiten diren bitartean martxan jarraituko du azokak, hala, eraikinera sartu eta ezker aldean dauden postu finkoak zabalik egongo dira. Baita eraikin horretan dauden ludoteka eta goiko solairuko jolaserako gunea ere. Lanek traba egin ez dezaten babeserako pareta bat jarriko da.

Eguazteneko eta zapatuko azoketara joaten diren ekoizleentzat kanpoan gune bat egokituko da lanek irauten duten bitartean, Katabia plazan jarriko den karpa batean, hain zuzen ere.

Eraikinaren egokitzapen-lanak egitearekin batera, gerora sortuko den espazio nagusi horren kudeaketarako prozedurarekin jarraituko du Udalak.

Aurrekontua 345.442,62 eurokoa (BEZ barne) da. Europako Next Generation funtsetara aurkeztu zen proiektua. 2022. urteko deialdian ez da diru-laguntzarik jaso eta 2023. urteko deialdira ere aurkeztuko da.

Prozesu baten emaitza

Hilabetetako lanketa egin da azokaren gaiarekin, eta testuinguru orokorrago batean kokatuta dago proiektua. Izan ere, 2021. urtean, tokiko baserritarren azoken dinamizazioa eta sustapena helburu, Landaola elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Elika Fundazioaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Gipuzkoako lurraldeko 16 udalerriren konpromisoarekin, 'Gipuzkoako azoken sarea' proiektua abiatu zuen.

Hor kokatzen da, halaber, Bergarako baserritarren azokaren inguruan 2021. urteko lehen seihilekoan egindako prozesua. Oxirondo azokari buruz hausnarketa konpartitua egin zen bertan aktiboki parte hartzen duten eragileen artean, elkarrekin, azokari balioa eman, eta etorkizunera begirako erronkak eta ekintzak identifikatzeko.

Gaur egun azokan dauden postuetako pertsonekin, baserritarrekin, elikaduraren inguruan lan egiten duten eragileekin... elkarlanean egin da prozesu osoa.