Bergarako Udala-k Ar, 2023-03-21 10:52-n bidalia
2019-2023 legealdiaren amaierara heltzear balantzea egin du Udal Gobernuak. “Legealdi berezia izan da, tartean mundu mailako osasun pandemia bat kudeatzea ere tokatu baitzaigu. Atzera begiratuta, ikusten dut bergararrontzat beharrezkoak eta garrantzitsuak diren lanak egoki gauzatu ditugula; proiektu berri eta berritzaileak martxan jarri eta egin ditugula; eta bereziki puntu batean jarri nahiko nuke indarra: egiteko moduan, hasieran esan genuen eran eragileekin eta herritarrekin egin baitugu lan”, Gorka Artola Alberdi alkatearen hitzetan.
Alkatearekin batera agerraldian Ainhoa Lete Zabaleta, Nagore Iñurrategi Irizar eta Ekaitz Aranberri Zezeaga zinegotziak egon dira.
Atzera begiratzearekin bat etorkizunari begira utzitakoaren inguruan ere aritu da Alkatea. “Lan egiteko modu horrekin, elkarlan publiko komunitarioarekin, Bergara berri bat eraikitzeko bidean ere oinarri sendo bat jarri dugu. Elkarlanaz ari garela, pertsonen inguruan ere esan nahi dut nire ondoan izan dudan taldeak, gogotsu, ilusioz, eta ondo erantzun diela aurrean izan ditugun erronkei. Balorazioa ona da, hortaz”.
Epe ertain-luzera hasi zen lanean Udal Gobernua, eta hori Bergara 2030 Egin herrixa plan estrategiakoan jaso zuen. Horrekin batera, iparrorratz izan duen Bergara izan, bizi, ekin legealdi plana osatu zuen. Batak bestea elkar osatu du. Azken plan horretan 91 proiektu zehatz jasotzen dira. Horietatik %80 eginda edo martxan daude -gutxi batzuk laster amaituko dira-.
Herria biziberritzeari lotuta, udalerriarentzat garrantzitsuak ziren obrak egin dira. Zubieta eta Masterreka kaleak birgaitu edo Agorrosin futbol zelaia berritzea, esaterako. Neurriagatik ere inportanteak diren beste batzuk abiatuta daude, gainera ezaugarri berezia dutenak: partaidetza prozesuei lotuta daude, eta bertan sortuko diren proiektuak berritzaileak dira: Oxirondoko azoka biziberritzeko proiektua eta Arrizuriaga kultur proiekturako eta emakumeen gunerako berritzea.
Azken horri tiraka, Ainhoa Letek berdintasunaren arloan legealdi honetan egin den jauzi kualitatiboa nabarmendu du. Emakumeei zuzenduko zaien espazioari lotuta, hori sortzeko egingo den prozesuari eman dio balioa. Bestetik, eta berdintasun plan berria egitearen testuinguruan, berdintasun teknikariaren lanpostua sortu da. Jabekuntza Eskolako eskaintza indartu egin da, ikasturtea bi epealditan banatuta, eta emakumeen kolektibo desberdinei bideratutakoa izaten ari da eskaintza. Zaintza plana ere landu da (martxoko osoko bilkurara eramango da onespenerako). Hori ere partaidetza prozesu batean landu da. Erakunde arteko protokoloa ere berritze bidean da.
Bide horretatik, eta elkarlan publiko-komunitarioari lotuta, aipagarria da Ehundu eraldaketa sozialerako proiektua eta bulegoa martxan jarri izana. Horren bitartez kudeatzen ari dira dagoeneko hainbat proiektu, Berener Energia Berriztagarrien kooperatiba edo Elikadura Mahaia. Azken hori lotuta dago elikadura subiranotasunaren gaiari. Ildo horretan izaera desberdineko interbentzioak egin dira. Elikadura mahaitik, halaber, erreleboaren gaia lantzen ari da, lehen sektorea duintzeko helburuarekin.
Azokaren prozesuari eta obrari ere egin dio erreferentzia Letek. Partaidetza prozesu baten bitartez gauzatzen ari da proiektua. Obrari dagokionez, GOITU ERAIKUNTZAK, S.L.ri esleitu zaio.
Euskararen normalizazioan ekarpen berriak ere egin dira, Ekaitz Aranberriz azaldu duenez. Bat aipatzearren, 'Harixa' programa. Horren baitan 38 entitatek euskara lan munduan sustatzeko konpromisoa hartu dute.
Hezkuntzaren alorrean ere egin dira hainbat ekarpen berritzaile eta interesgarri Aranberriren esanetan. Hezkuntza mahaia sortu da, hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eragileek osatzen dutena, eta elkarrekin ari dira lanean hainbat gairen inguruan. Gaitasun handiak dituzten ikasleen alorrean formazioa jaso dute Bergarako irakasle guztiek, adibidez. Bereziki interesgarri ikusten du hezkuntzaz beraz, hitz egitea. Segregazioaren gaian eta haurren sexu-abusuen inguruan ere ari dira lanean.
Kulturaren alorrean, Arrizuriagako proiektuaz gain, ekimen berriak proposatu dira, kulturarik gabeko herria, herri tristea baita, eta oinarrietako bat izan da Udal Gobernuarentzat Bergara herri bizia izatea.
Gaur egun, ingurumenaren arloari arreta jartzea ezinbestekoa da. Ildo horretan energia berriztagarriei lotuta energia plana sortzeaz gain, kontsumoak murrizteko neurriak hartu dira. Lursailen erosketak egin dira, ondoren bertako zuhaitzen landaketak egin daitezen. Ortu komunitarioak ere eraiki dira.
Nagore Iñurrategik, lurren erosketaren gaiari heldu dio. Aipatu du aurretik ere udalak lurrak erosten bazituen ere, legealdi honetan hori antolatu egin dela. Baso lurrak eta landa-lurrak ere eskuratu dira. Elkarlan publiko-komunitarioan bidetik, lan interesgarria egiten ari da arlo horretan eragileekin, Kukubasorekin, esaterako. Bergara eukaliptorik gabeko herria izan dadin ere lanean ari da Udala.
Hurrengo lurren erosketan elikadura subiranotasunaren bidean ere, lurrak erostea aurreikusten da, ez bakarrik biodibertsitatea zaintzeko, Iñurrategik esan duenez.
Energiaren alorrean, berriz, mahaia sortu da eta plana egin du. Energia berriztagarrien erabilera ere sustatzen ari da bide desberdinetatik, kontratazioetan klausulak jarriz, adibidez, edo horiek ezartzen. Gorlako kantinan egin da, eta ortu komunitarioen etxola ere hala izango da.
Ahalegin berezia egin da, halaber, periferiak erdigunera ekartzen, bai udalerriko espazioei begira eta baita pertsonei dagokienean ere.
Planean jasotako beste hainbat lan ere egin dira, lehen aipatutako osasun pandemiak eragindako egoera kudeatzeaz gain. Egoera jakin horretan, bereziki zaindu ziren zaurgarriak diren kolektiboak eta ildo horretan sortu ziren hainbat laguntza lerro.