Ehundu herritar talde baten kezkatatik abiatu zen, herritarren beharrak entzun eta hauei erantzun kolektibo bat emateko espazio baten beharra ikusi zelako. “Orain arteko bide honetan, gaurko eta biharko korapiloei aurre egiteko arlo ezberdinetan lanean aritu dira herritarrak: kultura, hezkuntza, energia, elikadura eta teknologia. Proiektuan parte hartzen dugun eragileok hitzarmena sinatu genuen 2021. urteko irailean. Hitzarmen hori berritzeko testuinguruan gaudela baliatu dugu orain artekoaren balantzea egin eta aurrera begira jartzeko”, esan du Maddi Aspiazu Ehunduko lehendakariak.

Harekin batera agerraldia egin dute Bergarako Alkate Gorka Artolak, MU-HUEZIko Nagore Ipiñak, Debagoiena 2030eko Elena Herrartek, Olatukoopeko Beñat Irasuegik eta Ehunduko kide Ander Zangituk. Bergarako Alkate Gorka Artolak esan duenez, herritarren lekukoa hartu zuten, “izan ere, gure herriak, sendo eta luze irauteko egitura kontsolidatuak behar ditu, lurraldeko beharrizanei eta lurraldeko erronkei lurraldetik erantzungo dieten egitura komunitario eta kooperatiboak behar ditugu”.

Bide horretan erakunde publikoak zein herritarrak, enpresak zein eragile sozialak... elkarlanean aritu direla gehitu du. Bergarako Herri Proiektua eta Eraldaketa Soziala Lantzeko Egitasmoa jorratzeko elkarlanean Olatukoop, D2030, HUHEZI-Lanki eta Bergarako Udala hasi ziren. “Balorazio positiboa egiten dugu orain arteko ibilbideaz, eta ikusten ari gara, beste hainbat proiektuetan bezala, elkarlan horrek eta lan egiteko modu partekatuak aberastu egiten dituela proiektuak eta herritarrengana gerturatzen gaituztela”, azaldu du.

Ander Zangitu ari da Ehundun buru belarri lanean eta bulegotik bertatik bideratzen ari da proiektua. “Hasiera honetan sarea eraikitzeko lehen hariak josi ditugu eta horren adibide dugu Ehunduren bulegoa. Herritarren beharrak identifikatzeko eta laguntzeko lanabesa da. Herritarren eta Udalaren arteko topagune bat da. Bertatik, herrian sortutako proiektuak bideratu eta sustatuko dira, hauei bide-laguntza emanez. Debagoieneko SOS Arrazakeriarekin migratzaileendako aholkularitza eskaintzen da eta energia gaietan aholkularitza eskaintzen da Berenerren bidez”, Zangituren esanetan.

Eskualde mailan garatzen diharduten eraldaketa prozesua Ehundu eraldaketa sozialaren bulegoarekin konektatzea da D2030en egiteko nagusia, lankidetza sarearen jarduna Bergarara gerturatzeko aukerak sustatuz, D2030eko Elena Herrartek azaldu duenez. “Energiaren arloan eskualde mailako saretzea eta proiektu zein prototipoetako esperientziak partekatu eta elkarren osagarritasunak bilatzeko ardura dugu eta horiek Bergaran lur hartzeko aukerak aztertzea zein Bergaran sortutako ekimenaren alderdiak beste herri batzuetan konpartitzeko ardura dugu”, esan du.

MU-HUHEZI-Lankiko ikertegiak formazio prozesuen, lan metodologien eta sistematizazio eta jasoketa lanen aholkularitza egiteko ardura du alde batetik, eta bestetik, ekimen komunitarioei lotutako gobernantza eta eraketari lotutako gaietan bide-laguntzeko ardura. Era berean, metodologiei lotutako beharrezko diren euskarri eta materialak garatzeko ardura izango du. Denbora tarte honetan, esaterako, “Elikadura Mahaitik sustatuko diren hainbat ekimenetan aholkularitza eman da, eta egitura komunitarioaren eraketan akonpainamendua egin da eta egiten jarraituko dugu”, Nagore Ipiñak azaldu duenez.

Olatukoopeko Beñat Irasuegik azaldu duenez, “herritarren ahalduntzearen baitan ekintzailetza kooperatiboa, ekonomia soziala eta tokiko garapena bultzatzeko formazioak jorratu ditugu OlatuKoopetik”. Aurrerantzean ere, indarrean dauden lan-ildoei eta sortuko diren berriei, norbanakoei zein proiektu kolektiboak abiaraztea nahi duten herritarrei bide laguntza emango diete. “Era berean, Euskal Herriko Ekonomia Sozial Eraldatzaileko irakaspen, proiektu eta esperientziak herriratzen jarraituko dugu”.

Ander Zangitu, amaitzeko, orain arteko epean gauzatu diren proiektuen inguruan aritu da. “Harien bitartez sare bat eraikitzen hasiak gara. Energia burujabetzaren bidean Berener kooperatiba sortu dugu, Elikadura Mahaitik burujabetza bide-orri sentsibilizazioa, azokako proiektua eta nekazaritza proiektuan lanean gabiltza, teknologian burujabe izateko internet eta telefonoa gure etxeetara eramateko filosofia horrekin lanean ari da Zibergara taldea, hezkuntzan Herri Hezitzaileak herrira etorri berri diren familiei enbaxadore lanak egiteko sare bat dugu, eta kulturatik agenda bateratua sortu dugu”.

Lankidetza marko hau Etorkizuna Eraikiz programan kokatu da eta horren emaitza da orain arte egindakoa, eta programak eskaintzen duen aukerak lantzen jarraitzeko asmoa dugu. Esan bezala, egitasmoa bide onetik doa eta 2023. urtean, eragileek, hartutako konpromisoei jarraipena emango diete. Bide horretan hitzarmena sinatu dute Olatukoop, MU-HUHEZI-Lanki, D2030, Bergarako Udalak eta Ehunduk. Modu honetan, lankidetza publiko-komunitarioan oinarritutako proiektuak sustatzen jarraituko da, herritarren beharrak asetzeko asmoz. Udalak egitasmora 2023rako 50.000€ bideratuko ditu.