Bergarako Udala-k Al, 2022-11-28 14:16-n bidalia
Bergarako Udalak une honetan esku artean dituen proiektuen artean nagusietako bat Oxirondoko azokari lotutakoa da, Ainhoa Lete Zabaleta alkate ordearen esanetan. “Izan ere, Oxirondo azoka erreferentziazko gune bihurtu nahi dugu eta horretarako prozesu bat egiten ari gara”, esan du. Espazioaren egokitzearekin hasteko obraren lizitazioa argitaratu berri da. Eskaerak abenduaren 26ra arte aurkez daitezke.
“Bertako produktua eta lehenengo sektorea erdigunean jarriko duen topagune bat nahi dugu herrian. Kokagune bat eman nahi diogu lehenengo sektoreari eta bertako produktuari, eta astean zehar gainbeheran dagoen egoera horri buelta bat eman, eskaintza osatu eta eskaintza iraunkor bat sortu”, Letek esan duenez. Salmenta guneaz harago, topagune izatea da helburua. Sentsibilizazio eta formazio espazio bat ere edukiko du, eta koordinazio guztia bertatik eramango da.
Proiektua gauzatu ahal izateko, espazio fisikoaren egokitzea ere beharrezkoa dela ikusi da. Horri helduta, azokan sartu eta eskuma aldean gune bakarra sortzeko obra bat planteatzen da. Gaur, azaroak 28, argitaratu da udalaren kontratatzailearen profilean obra egiteko deialdia. Lizitazioaren zenbatekoa 345.442,62 euro (%21eko BEZa barne) da.
Ezkerreko aldean, berriz, “dauden espazio txikiak mantendu egingo ditugu eta hutsik daudenak bete, Horrekin eskaintza osatuz eta indartuz”.
Testuingurua
Hilabetetako lanketa egin da dagoeneko, eta testuinguru orokorrago batean kokatuta dago proiektua. Izan ere, 2021. urtean, tokiko baserritarren azoken dinamizazioa eta sustapena helburu, Landaola elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Elika Fundazioaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Gipuzkoako lurraldeko 16 udalerriren konpromisoarekin, 'Gipuzkoako azoken sarea' proiektua abiatu zuen.
Hor kokatzen da, halaber, Bergarako baserritarren azokaren inguruan 2021. urteko lehen seihilekoan egindako prozesua. Oxirondo azokari buruz hausnarketa konpartitua egin zen bertan aktiboki parte hartzen duten eragileen artean, elkarrekin, azokari balioa eman, eta etorkizunera begirako erronkak eta ekintzak identifikatzeko.
Hausnarketa-taldeko kideen parte hartzearen bidez Bergarako baserritarren azokako erronka nagusiak identifikatu, lehenetsi eta hauei aurre egiteko ekintza plana definitu zen.
Identifikatutako lehen erronka Bergarako baserritarren azokaren sustapenetik harago doan proposamena da, zehazki, Oxirondo azoka, bere osotasunean, biziberritzea. Ekintza plan hau Udala herritar eta eragileekin elkarlanean egindako Bergara 2030 Egin Herrixa plan estrategikoaren barruan kokatu zen, eta Elikadura mahaiaren barruan sortutako azoka biziberritzeko lan-taldearen bitartez bideratzen ari da.
Next Generation direlako diru-laguntzak ere eskatu ditu Udalak, oraindik erantzunik jaso ez den arren.