Ostiral honetan, azaroaren 25en, laugarren gaua biziko du Danbaka Musika Lehiaketak Bergarako Seminarixoa aretoan. Laugarren gau honetan, Bergarako Ktarsia, Aretxabaletako Iluminatizz, Arrasateko Erromintxelak eta Arrasateko Etxepe taldeek hartuko dute parte; emanaldiak 21:30ean hasiko dira. Bestalde, chill out gunea Bergarako Ion Arteaga Buda-k girotuko du, musika elektronikoarekin.

Azaroaren 25ean (21:30) kontzertua emango duten taldeen deskribapena:

Bergarako Ktarsia: 2020ko abenduan “kasualitatez” sortua, “kasualitatez” jarraitzen dute jotzen. Hasieran nagusiki bertsioak egiten bazituzten ere, kantu propioak sortzeari ekin diote aurten. Bi gitarrarekin eta kaxarekin igoko dira Seminarixoko oholtzara, modu akustikoan pop eta rock doinuak eskaintzeko.  

Aretxabaletako Iluminatizz: 2014an sortutako proiektua, 2015ean eman zuten lehen kontzertua baina bereziki pandemia garaian indartu zen taldea. Rocka oinarri hartuta ere, diote ez dutela estilo zehatzik eta prest daudela eremu berriak esperimentatzeko.

Arrasateko Erromintxelak: Eskarmentu handiko musikariek sortutako proiektua, jazzaren sustraietara bidaia bat proposatuko dute, betiere Europako musika tradizionalarekin nahastuta. Estilo aldetik diote gipsy swinga lantzen dutela; musika dantzagarria eta alaia eskainiko dute, inprobisaziorako gaitasun nabarmena duten musikarien eskutik.

Arrasateko Etxepe: Debagoienean egosten ari den musikaren adierazle, doinu urbanoek ere presentzia izango dute Danbakan Etxeperen eskutik; Arrasate da proiektu berezi honen topaleku nagusia. Rapa, trapa eta autotunea barra-barra, dantzarako eta festarako gonbidapena eginaz.

Chill out gunean, Ion Arteaga ‘Buda’. Bergarako Txapa irratiko Haus of Beats saioko gidarietako bat da Buda, musika elektronikoan ibilbide luzea duen bergararra.  

 

20 talde, bost kontzertu eta finala

Debagoieneko askotariko 20 musika taldek hartuko dute parte. Bost kontzertu dira, guztira. 

Azaroaren 25ean izango da laugarren kontzertua eta finalaren aurreko azken  kanporaketan honako talde hauek izango dira protagonista, abenduaren 16an: Orhi, Arragoa, Islabat eta Sindy Berbenas. Finala urtarrilaren 13an jokatuko da, epaimahaiak aukeratutako hiru talde onenen artean.

 

Sarrerak

Kontzertuetarako sarrerak 4 eurotan salduko dira Seminarixoan bertan, kontzertu egunetan; Goienakideak doan sartu ahalko dira, Goienaren aplikazioa erakutsita; eta Goienakide ez izan arren Goienaren aplikazioa deskargatuta dutenek 2 euro ordainduko dute sarrera.

Goiena Komunikazio Taldeak antolatzen du lehiaketa, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Goienak kontzertu osoak grabatuko ditu eta ostean emango ditu Goiena telebistan eta Goiena.eus-en. Goienak jarraipen zabala egingo dio lehiaketari.

 

Sanprubusa eta chill out gunea plazan

Aretoaren kanpoaldean, San Martin plazan, chill out gunea egokituko da. Emanaldiak hasi aurretik (21:00etan) eta atsedenaldian (22:50) musika emanaldiak izango dira. Ostiral honetan, Ion Arteaga Buda-ren musika elektronikoaz gozatu ahalko dute bertaratutakoek.

San Martin plazan Sanprubusak emango du taberna zerbitzua. Bestalde, Seminarixoa aretoan jarlekuak kendu egingo dituzte eta taberna txiki bat jarriko dute.

 

Publikoaren saria

Danbaka Musika Lehiaketak bi sari ditu: Sari Nagusia, disko bat grabatzea. Danbakako epaimahaiak aukeratzen du talde hori, kontzertu guztiak ikusi ostean. Bestetik, Publikoaren Saria, bideoklip baten grabaketa. Publikoak aukeratzen du, www.danbaka.eus webgunean edo Goiena.eus-eko Danbaka kanalean. Botoa emateko epea zabalik dago, urtarrilaren 10era arte.

 

31 talde aurkeztu dira

31 talde aurkeztu dira, orotara, lehiaketaren bosgarren edizio honetan. Horietatik 19 epaimahaiak aukeratu ditu. Eta, azkena, 20.a, publikoak, boto bidez. Arrasateko eta Aramaioko 112 taldea aukeratu du publikoak. Orotara, publikoaren 1.200 boto jaso dira.

Epaimahaia honako hauek osatzen dute: Julen Narbaiza musika-zalea eta, besteak beste, Txibisto aretoko arduradunetako bat izandakoa; Kristina Markina, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzia; Iñigo Ugarte, musikari oñatiarra; Nerea Loron La Furia, rap abeslari eta sortzailea; eta Aitor Aldanondo, musikari bergararra.

 

Arloa: