Haien kabuz lanean ari diren pertsona ekintzaileak lanerako espazio berria izango dute urritik aurrera Bergaran, Alkar Lankidetza Gunea, UNEDen egoitzan kokatuko dena.

Alkar Lankidetza Gunearen helburua da Bergara eta Debagoieneko ekintzaileei lanerako espazio partekatu bat eskaintzea; lankidetzazko ekonomia ereduan oinarrituta, sinergiak sortzeko, elkarrekin ikasteko, harremanak sustatzeko eta proiektuak eta ezagutzak partekatzeko balioko duena.

Udalak eta UNED-Bergarak sinatutako akordio bati esker, UNEDek lagako duen espazioan lanerako gunea atondu du Udalak.

Iñaki Esparza Leibar UNED-Bergarako zuzendariaren esanetan, proiektu honen bitartez, eskualdeko pertsona ekintzaileei bitartekoak eskaintzearekin batera, herrira zabaltzen dituzte haien azpiegiturak. Eta hori bada haien helburuetako bat. Herrirako ere da haien lana, Bergaran bertan oso errotuta dagoen erakundea baita, herriko dinamikan parte-hartze aktiboa duena.

Bergarako Udalak ekintzailetasuna sustatzeko egiten duen lanean ekarpen berri bat da hau Ainhoa Lete Zabaleta alkate orde eta Garapen ekonomikorako zeinegotziaren esanetan. Historian zehar erakutsi dute Bergarak, eta bergararrek ekintzailetasunerako gaitasuna. Gaur egun, hori mantentzen da, baina gure gizarteak aldatzen diren neurrian, lanbideak, lan egiteko moduak… ere aldatzen dira, eta maiz pertsona horiek haien lana garatzeko espazio faltan egoten dira gaur egun. Egoera horri erantzuteko asmoz sortu da Alkar Lankidetza Gunea. Lanerako eta elkarlanerako espazioa izango dena, izan ere, lanerako plazarekin batera, partekatuko diren espazio eta zerbitzuak ere egongo dira erabiltzaileen eskura..

Urriaren 3tik aurrera egin ahal izango dute espazio erabiltzeko eskaera Bergaran edo Debagoienean erroldatutako ekintzaileek. BAZean aurkeztu behar da eskaera. Horretarako inprimakia beteta, NANa eta negozio ekimenaren bideragarritasun plana egina badu, planaren kopia eta Debagoieneko Garapen Agentziako aldeko ebaluazioa.

Alkar Lankidetza Gunearen erabilera epe baterako izango da, erabilerarako ordenantzan jasotzen diren  baldintzen araberakoa, alegia. Ordutegiari dagokionez, UNED zabalik dagoen ordutegi bera izango du, eta indarrean dauden prezio publikoak ordaindu beharko dituzte onuradunek. Bergarako Udalaren Garapen Zerbitzuaren bitartez kudeatuko da. Erabiltzeko eskaerak hemen egin daitezke.