Maiatzaren 30ean Bergarako udalbatzak egindako ohiko osoko bilkuran ortu ekologikoen esleipen eta kudeaketarako ordenantzari hasierako onarpena eman dio. 30 lan egunez egongo da jendaurrean, eta zuzenketarik jasotzen ez badu, onartu egingo da. 

Udal Gobernuaren bozeramale Nagore Iñurrategik azaldu duenez, aspalditik datorren eskaera bati emango zaio erantzuna proiektu honekin. Bere martxa egiten ari da proiektua, eta ordenantzaren hasierako onarpenarekin urrats inportantea eman da, izan ere, horrek ahalbidetuko du izen-ematearen prozedurari hasiera ematea. Azaldu du, halaber, prozedura horregatik hasiera batean izen-ematerako epea atzeratu bada ere, proiektua bera aurreikusitako epeetan garatzen ari dela, eta ortuak uda inguruan egongo direla erabilgarri. 

EH Bilduk (9 boto) bozkatu du alde, eta EAJ-PNV (6 boto) eta PSE-EE (boto 1) abstenitu egin dira. EAJ-PNVk azaldu du ordenantzarekin ados dagoen arren, -dagoeneko beste herri batzuetan arazorik gabe onartu, eta indarrean daudenak hartu dira eredu-, aurretik esan izan duenez, ez dagoela kokapenarekin ados. Ortuak Boluan egitea proposatu zuten jeltzaleek. Iñurrategik azaldu du Boluko lurrak ez direla udal jabetzakoak -San Joxepekoak, aitzitik, bai-, eta horrek atzeratu egingo lukeela proiektua bertan gauzatzea. Gogora ekarri du ortuen proiektua lantzeko bilera irekietan herritarrek ahalik eta azkarren egitea eskatu izan dutela, eta bestetik, kokapen horretarako aurreko legealdian egindako proiektuan ez zela maldaren egonkortzerako azterketarik jasotzen, beraz, ez dagoela ziurtatuta ortuak bertan egiteak malda egonkortzen lagunduko zuenik. 

1.902.200 euroko kreditu aldaketa ere onartu du udalbatzak, aldeko 15 botoekin (EH Bildu eta EAJ-PNV) eta abstentzio batekin (PSE-EE). EH Bilduk eta EAJ-PNVk aurrekontuetarako egin zuten hitzarmenean jasotako proiektuak eta lehentasunez aurrera atera behar diren hainbat proiektu gauzatzeko izango da diru-partida hori, iazko gerakina eta 500.000 euroko mailegu baten batura dena. Besteak beste, hor jasotzen dira: Boluko malda, hilerriko kapila, Martoko proiektua idaztea, hileta zibiletarako espazioa, San Blaseko bidegurutzea eta energia berriztagarrien proiektua. 

Hainbat ordenantza fiskalen aldaketa ere onartu da EH Bilduren aldeko botoekin (9) eta EAJ-PNVren (6) eta PSE-EEren (1) abstentzioekin. Onartu da, hortaz, hainbat tasa edo kuota doitzea, iazkotik %3,3 igota. Udal Gobernuak %5 igotzea proposatu zuen hasieran, EAJ-PNVk, ordea, berdin mantentzea. Negoziazio baten ostean adostu dute %3,3ko igoera. Udalak ematen dituen ikasturteko zerbitzuen tasa eta prezio publikoak sartzen dira hemen. Gobernuko bozeramale Nagore Iñurrategik azaldu du KPIaren igoerak (handia izan da azken hilabeteotakoa) zerbitzuen kostuan zuzenean eragiten duela. Hortaz, eta kalitatezko zerbitzuak eman ahal izateko, beharrezkoa dela Udalaren diru-sarrerak bermatzea. Herritarren beharrei, eta bereziki oinarrizko beharrak dituztenei egoki erantzuteko birbanaketa da bidea, Gorka Artola alkateak azaldu duenez, halaber, esan du, fiskalitateak progresiboa izan behar duela, Udalaren gaitasuna baldintzatu ez dadin, eta fiskalitatetik etorritako sarrerak ezin duela baldintzatu zerbitzu publiko onak izatea. Hauek ere 30 egunez jendaurrean egongo dira alegazioetarako. 

Oso bestelako gaiak ere landu ditu udalbatzak, esatera, Elgetakoa den, baina Bergararekin lotura handia duen Lorenzo Askasibar eskultoreak egindako Jose Miguel Barandiaranen eskulturaren dohaintza onartu du modu ofizialean Bergarako udalbatzak, aho batez. Eta Bergarako herriaren izenean eskerrak eman dizkio artistari.

Bileraren bideoa Udalaren Youtube kanalean dago ikusgai.

Arloa: