Bergarako Udala-k Al, 2022-04-25 11:05-n bidalia
Aurtengo udarako ere haur eta gaztetxoei zuzendutako aisialdirako eskaintza prestatu du Bergarako Udalak. Askotarikoak dira proposamenak, guztiak ere herrian egiteko, eta euskaraz. Herritarren batzordeko lehendakari Ekaitz Aranberrik azaldu duenez, “kalitatezko eskaintza osatzen ahalegindu gara. Iaz genionaren ildotik, uste dugulako herritarrek, eta kasu honetan haurrek eta gaztetxoek, hori behar eta merezi dutelako”. Aranberrirekin batera egon dira aurkezpenean Laboratorium Museoko arduradun Rosa Errazkin, Kirol Zerbitzuko arduradun Iñaki Ugarteburu eta Gazteria eta Hezkuntza teknikari Nagore Narbaiza. Informazioa: hemen.
Herrian gisa honetan egingo den eskaintza bakarra da hau Aranberrik azaldu duenez. “Elkarlanean osatutakoa da, eragile desberdinen ekarpenekin. Esaterako, herriko ikastetxe guztiek, iaz hasitako bideari jarraituz, haien azpiegiturak jarriko dituzte eskura”.
Haurrek eta gaztetxoek elkarrekin egoteko, elkar ezagutzeko, elkarrekin jolasteko, gozatzeko, kirola egiteko, eta ikasteko aukera izango dute, besteak beste.
Haiek dituzten behar eta nahi desberdinei erantzuteko eskaintza da aurtengoa. Hala, kirola, aisia, zientzia, jolasa eta beste eskainiko dira, gune desberdinetan. Agorrosinen, Laboratoriumen, ikastetxeetan, esaterako.
Osasun pandemia ustez gaindituta, ohiko egoeran egingo dira jarduerak, horretarako aukera bermatzen den neurrian.
Nagore Narbaizaren hitzetan, “udaleku irekiak aukera paregabea dira Bergarako ume guztiak elkartu eta euskaraz, aisialdi hezitzaileaz gozatu dezaten”.
2010 eta 2017 urte artean jaiotako haurrei zuzenduta daude.
Bi eskaintza daude: Ekainaren 27tik uztailaren 15era (3 aste aukeratuz gero) eta ekainaren 27tik uztailaren 22ra (4 aste aukeratuz gero). 10:00ettik 13:00etara.
Izena emateko epea: apirilaren 27tik maiatzaren 12ra (biak barne). Internet bidez, udaletxean eta liburutegian.
Kirolari lotuta hainbat gauza proposatzen dira, Iñaki Ugarteburuk azaldu duenez:
Kirol kanpusa: Udako oporretan, kanpoko kirol ekintzetan oinarritutako kanpusa. Bizitza aktiboa eta osasuntsua sustatzea da helburua. Hasiera batean, Agorrosin gunean zentratuko da nagusiki, baina eguraldiaren arabera beste gune batzuetara mugitu daiteke. Tenisa, beisbola, hockeya, badmintona, boleibola, natur jarduerak, ur jolasak... eskainiko dira. Taldearen kirol eskaerekin malguak izango gara.
2009 eta 2013 urteen artean jaiotakoei zuzendutakoa da.
Bi aukera egongo dira: ekainaren 27tik uztailaren 15era (3 aste aukeratuz gero) edo ekainaren 27tik uztailaren 22ra (4 aste aukeratuz gero). 10:00etatik 13:00etara egingo dira jarduerak.
Izen-ematea webgunean eta Agorrosinen.
Udako igeriketa kanpaina: 2010 eta 2018 urteen artean jaiotakoentzat.
Bi txanda egongo dira: ekainaren 27tik uztailaren 8ra, lehena. Uztailaren 11tik 22ra bigarrena.
Gazteentzako uda kirol kanpaina.
2004 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat. Ekainaren 27tik uztailaren 22ra eskalada, zumba, multi-training, areto txirrindua eta padela egiteko aukera izango dute gaztetxoek. Lehenengo biak (eskalada eta zumba) berriak dira.
Izen-ematea webgunean eta Agorrosinen.
Liburutegia Agorrosingo kanpoko igerilekuan egongo da ekainaren 27tik uztailaren 22ra.
Laboratorium Museoak, Rosa Errazkin arduradunak azaldu duenez, zazpi jarduera eskainiko ditu haur eta gaztetxoentzat udan.
- Levanteko labar artea. Levanteko Historiaurreko Arteari buruzko gune didaktiko ibiltaria, munduan bakarrak diren Holozenoaren hasierako manifestazio horiek ezagutarazteko eta baloratzeko. Ekainaren 28an, 10:00etan eta 17:00etan. Familientzat, 8 urtetik gorako haurrentzat.
- Mikrometeoritoen tailerra. Zergatik desagertu ziren dinosauroak? Zer dira ozar-izarrak? Zein da meteorito, meteoro eta meteoroideen arteko aldea? Non aurkitu ditzakegu mikrometeoritoak? Galdera horiek eta gehiago erantzuten saiatuko gara. Ekainaren 29an, 10:00etan. 8 eta 12 urte bitartekoentzat.
- Zientziaren sukaldea. Kimikako hainbat esperimenturekin gure ingurunean zein gure barnean gertatzen diren aldaketak ikasiko ditugu, zientzia egunerokotasunera hurbilduz. Uztailaren 4an eta 6an, 10:30ean. 8 eta 12 urte bitartekoentzat.
- Ilustrazio botanikoa. Ezagutzen ez denak ez duela axola dirudi. Beraz, ezagutza behar da polinizazioak eta polinizatzaileek ingurumenean duten garrantziaz jabetzeko eta horiek babesteko jarrera aktiboa garatzeko. Marrazketa tresna ezin hobea da horretarako. Uztailaren 5ean, 10:00etan. 6 eta 12 urte bitartekoentzat.
- Gure bizilagunik onenak. Saguzarrak hobeto ezagutzeko jarduera. Uztailaren 7an, 21:00etan. Familiei zuzendutakoa da. Ekintzen gidaritza Naturtzaindia Elkarteko kideen eskutik egingo da, 'Mendiak Bizirik' elkartearen Iaguntzarekin.
- Ur azpiko indusketa arkeologikoa. Uluburu itsasontzian ur azpiko indusketa arkeologikoa. Duela ehunka urte hondoratu zen itsasontzi bat arkeologikoki induskatzeko aukera egongo da. Uztailaren 8an, 09:00etan. 8 eta 12 urte arteko haurrentzat.
- Kanpus teknologikoa. 3d inprimaketa eta mikro:bit bidezko elektronika.Tailer honetan 3D diseinuaren lehen urratsak emango dituzte eta eredu digitalak plastikozko pieza bihurtzeko beharrezko prozesuak landuko dituzte. Astebeteko tailerra. Ekaineko azken astean eta uztaileko lehenengoan. 12 urtetik gorako gaztetxoentzat.
Izen-ematea eta informazio gehiago ekainaren 1etik aurrera, webgunean eta Laboratoriumen.