Joan den astean hasi zituen ‘K1 Ekopaisaia SLL’ enpresak San Joxepe eta Zaldumendi baserrien artean kokatuta dagoen eremuan Jorran ortu komunitarioak sortzeko lanak. Ezustekorik gertatzen ez bada, lanak uztailaren hasieran amaituta egongo dira. Interesdunek izena eman dezaten epea maiatzaren hasiera zabaltzea aurreikusi da.

Eremuan bertan lanak egiten diren bitartean araudiari lotutako gaiak ere lantzen ari dira; araudiaren hasierako onarpena, deialdiaren oinarrien onarpena eta ordenantza fiskalen aldaketa apirileko Lurralde Batzordean lantzea aurreikusten da. Eta hilabete horretako plenora eramango da gaia.  Araudiaren zirriborroa ikusgai dago  webgune honetan.

Aurreikusten den baratze parke honek esku ahur baten forma du, baratzeak egun larre eremua denaren gainean atseden hartuko balute bezala. Baratzeetarako sarbidea egungo sima kokatua dagoeneko eremu lauaren inguruan eraikiko den baratzezainen etxolak markatuko du eta hau guztia bilduz inguruko faunarentzako babesgune izango diren landaketak sortuko dira denborarekin.

Eremuak 22.282 m2-ko hedadura du, eta 90 partzela izango ditu.

Herritar guztien erabilerarako pentsatuta daude, eta irizpide jasangarriak izango ditu kontuan. Horretarako, aktibitate honetarako oinarrizko ur, materia organiko eta biltegi guneak auzokidetasun irizpideei jarraiki antolatuko dira, eta ondorioz, baratze eremu barruan hainbat elementu komun egongo dira:

Erabiltzaileen etxola: baratzezainen aldagela eta lanabesentzako biltegiak osatuko dute. Aldagelan baratzezain bakoitzarentzako takilak kokatuko dira. Aldagelaren ondoan lanabesen biltegia egongo da baratzezain taldearentzako prestatuko diren lanabesak modu ordenatuan antolatzeko. Etxolak topaleku funtzioa ere izango du eta baita lanabesak zein barazkiak garbitzeko aska bat ere.

Eremuan pertsonen banaketa orekatuagoa sustatu asmoz bi etxola gune aurreikusi dira. Uraska ingurua eta konpostatzeko guneak.

Talde lanabesei dagokienean, oinarrizko tresnak Udalak jarriko ditu, eta hauen erabilera baratzezain taldearen ardura izango.

Bertara heltzeko bi bide egongo dira. Batetik, ur depositura doan errepidea izango da autoz zein oinez iristeko aukera ematen duena. Bertan lau ibilgailurentzako aparkalekua eta bizikletak uzteko aparkalekuak egongo dira. Bestetik, Ibargarai inguruan ibaiaz gaindi dagoen bide magaletik abiatuko den bidea zabalduko da, oinezkoentzat.

Obrak, esan bezala, ‘K1 Ekopaisaia SLL’ enpresari  esleitu zaizkio, 222.869,69 eurotan (BEZ barne).

245.041,75   €ko (BEZ barne) lizitazio oinarria izan duen lizitazio publiko honetan bi eskaintza aurkeztu dira (‘K1 Ekopaisaia SLL’  eta ‘Ekin Eraiketak SL’.