Abenduaren hasierako euriteek Boluko maldan luizia eragin zuten. Horien ondorioz, maldaren mugimenduak zaintzeko eta hura eusteko egiten ziren lanak berrikusi egin behar izan dira. Ordutik geologoek eta ingeniariek egindako azterketek ondorioztatu dute 2017ko luiziaren ondoren aurreikusita zegoen malda egonkortzeko 2. faseko proiektua aldatu behar dela.

Denbora tarte honetan egin diren azterketen berri, ondorioen, eta aurrera begira egin behar diren esku-hartzeen inguruko informazioa emateko, asteartean, otsailak 22, bertako bizilagunekin batzartu ziren udaleko ordezkariak.
Abenduko luiziari lotutako egonkortze-neurriekin epe laburrean jarduteko beharra kontuan hartuta, hortaz, Bergarako Udalak SESTRAri eskatu dio proposamen bat aurkez dezan hasierako proiektuaren 2. fase berri bati dagokion proiektu aldatua idazteko.

Bi aldeen artean egoera aztertu ondoren, proiektuari ekin beharreko atal nagusiei buruz ondorioztatu da, alegia, trenbidearen plataforma zaharreko bidegorrian eta haren ingurune hurbilean eusterako eta prebentziorako neurri oinarrizko gisa gauzatu behar direnak:

- Bi pantaila dinamiko mendi-mazelaren oinean, orain dagoenaren alde banatan.
- Bi pantaila estatiko beheko plataformaren ertzean, orain dagoenaren alde banatan.
- Bi drainatze-jarduera beheko plataforman, bidegorrian.
- Beste jarduketa osagarri batzuk.

Proiektu honekin batera, eta aldi berean, mendi-hegaleko isurketa-uren portaera aztertuko duen azterlan bat egin behar da; izan ere, adituek ikusi dute 2021eko euriteetan, 2017koekiko beste norabide bat hartu duela urak, eta ondorioz, zaintzen ez zen beste puntu batean eragin du kaltea. Lan horrek ur horiek kudeatzeko eta beheko bidean proiektatuko drainatze-sistemara ura kontrolatuta bideratzeko har daitezkeen soluzioak planteatuko ditu. INGEKek idatziko du lan hori.

Beste lan bat ere egingo du azken honek, izan ere, gertaera berri horrek mendi-hegalean eragindako aldaketen ondorioz, beharrezkoa da 2018an idatzi zen Boluko hegala egonkortzeko proiekturako egindako azterlan geografiko-geologikoa zabaltzea.

SESTRAk eta INGEKek egin behar dituzten azterlanen kostua 35.000 euro (BEZ barne) pasatxo izango da.

Bergarako Udalaren asmoa da idatzi diren proiektu horiek epe laburrean onartzea eta jarraian lanak hastea.