2020. urtean, Bergarako Udalak, turismo plan berria behar zela ikusi zuen, eta horrela egitea jaso zen Bergara izan, bizi, ekin legealdirako planean. Gaur aurkeztu dute emaitza Ainhoa Lete eta Ekaitz Aranberri zinegotziek.

2009ko 'Bergarako ondare kulturalaren interpretazio eta dinamizazio plana' zen honen aurrekaria. Ondare historiko eta kulturala, eta batez ere, hezkuntza ondarea eta ondare zientifikoaren balioak nabarmentzen zituen horrek.

“Proposamen horretan hainbat ekimen aurreikusten ziren eta denboraren poderioz horietako asko gauzatu dira. Halaber, ondorioztatu da kulturaren eta ondarearen gizarteratzean hobekuntza asko egin direla, baina turismoaren gaian beharrak ikusi dira. Batetik, urte dezente pasa direnez aldaketa asko gertatu da, baita turismoaren sektorean ere, eta bestetik, estrategia global bat beharko litzatekeela ikusi zen”, azaldu du Aranberrik.

Hortaz, 2022-2025 urteetarako Turismo Plan Estrategikoa egitea erabaki zen. Gasteizko Beinke enpresak bideratu duen prozesuaren emaitza da hau. Gaur egun eskaintzen den turismo eskaintza hobetzea izan da helburua, sistematizatzea, eta horrela Bergarako askotariko ondarea ezagutaraztea, sektore enpresei bultzada ematearekin batera.

Ainhoa Letek azaldu duenez, honela laburtu daiteke emaitza: “Arloko eragileekin harreman zuzenerako eta elkarlanerako bidea jartzen du, batetik. Bestetik, nabarmentzen du herriaz gaindiko administrazioekin egin beharreko elkarlana. Turismorako formatu berriak txertatu beharra ere aipatzen du. Amaitzeko, agerian jarri du pertsonalean inbertitu behar dela, arloko langile kualifikatu batekin, hau guztia aurrera eraman ahal izateko, Bergaran ez baita inoiz turismo arloan langilerik egon”, esan du.

Fase desberdinetan banatu da lana. Lehen bi faseetan udalerriaren turismo ibilbidea aztertu eta datuak bildu ziren hainbat erakundetatik eta estatistika iturrietatik. Ondoren, eta hor du lanak indarguneetako bat, sektoreko eragileekin partekatuko zen.

Hotel, landetxe, jatetxe, turismo zerbitzu enpresak... aritu dira honetan. Galdetegiak osatuz, eta topaketen bitartez. AMIA aztertu zuten elkarrekin.

Egindako lanaren emaitza Plan estrategikoa eta operazionala idaztea izan da, prozesuaren hasieran egindako diagnostikotik abiatuta.

Plan hau bost ardatzetan banatzen da: gobernantza, gune turistikoa, turismo eskaintzaren eta produktuen garapena eta hobekuntza, marketina eta kode etikoa. Ardatz bakoitzak hainbat ekintza proposatzen ditu eta hauek garrantziaren arabera mailakatu dira. Mailakatze hori, turismo enpresekin batera egin den prozesuan erabaki da.

2025eko ikuspegia erreferentziatzat hartzen duen eta aipatutako 5 ardatzetan egituratuta dagoen eragiketa-planak 21 programa eta 67 ekintza biltzen ditu. Horietatik batzuk eskualdetik edo goragoko erakundeetatik garatzekoak dira.

Gobernantza, Plangintza, Antolakuntza eta Kudeaketari dagokionez, egungo errealitatera eta atzemandako premietara egokituta, plana kudeatzeko eredu bat eta funtsezko eragileek betebeharreko zeregina biltzen ditu. Ardatz horrek herritarrentzako turismo-sentsibilizaziorako programa bat ere jasotzen du.

Lehentasun handia duten ekintzen artean, esaterako, turismoaren kudeaketa birdefinitzea eta egokitzea jasotzen da. Turismo Bulegoaren funtzioak, gaitasunak eta eskumenak, arduradunak ikuspegi teknikotik bistaratuz.

Turismo eskaintzaren eta produktuen garapena eta hobekuntza ardatzean proposatzen dira ekintza eta programa gehienak. Planteatzen diren ekintza eta programa asko beste erakundeekin elkarlanean egin behar dira. Dagoeneko, eta hein batean egiten direnei bultzada ematea ere proposatzen da. Adibidez: natura-eskaintza egituratu eta lehiakor baten parte izateko moduko baliabideak eta eskaintza turistikoa identifikatzea, betiere turismo jasangarriaren ikuspegitik. Turismo kulturala eta familia turismoak garatzeko aukera handiak eskaintzen ditu Bergarak. Produktuen formatu berriak zabaldu dira azken urteetan leku askotan: esperientziak, antzeztutako bisitak, jokoak…

Marketinari dagokionez, eta zehaztutako helburuak lortzeko oinarrizko komunikazio eta sustapen ekintzak egin behar dira.

Lehiakortasunari dagokion atalean, Kalitatea, Prestakuntza eta Berrikuntza Enpresak garatzeko eta indartzeko ekintzak, kultura berritzailea, prestakuntza eta etengabeko hobekuntza biltzen ditu.